COVID-19: Azken datuak

Azken orduetan eskualdeko osasun zentroek ez dute positibo gehiagoren berririk eman

Ttipi-Ttapa 2021eko martxoaren 7a

Asteburua tarteko eta gaur ezagutzera eman diren datuen arabera, gure lurraldeko osasun etxeek atzo ez zuten kasu berri bakar baten erreferentziarik eman. Nafarroa osoko azken datuei erreparatuta, positibotasun tasa %4,5ekoa da eta COVID-19agatik gaixotuta ospitalean 76 pertsona zeuden (horietatik 15 ZIUn). Atzeman zituzten 66 kutsatuen batez bertzeko adina 39,5 urtekoa da. Iazko martxoaz geroztik COVID-19aren ondorioz Nafarroan hildakoen kopurua 1.108koa zen atzo.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 414 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 587 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 271 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 470 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, martxoak 6, 1.477 proba egin zituzten (1.180 PCR eta 297 antigeno proba) eta horietatik 66k positibo eman zuten (%4,5)

COVID-19ak jota, atzo, martxoak 6, 5 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, horietatik 1 ZIUn, eta 0 hildakoren berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 76 daude ospitalean, horietatik 15 ZIUn.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %62, Tuteran %24 eta Lizarran %2. Gainerako positiboak (%12) Nafarroako bertze eskualde batzuen artean daude banatuak.
Txertaketa-planari dagokionez, Nafarroan 76.997 pertsona txertatu dituzte atzoko egunera arte. Atzo, martxoak 6, 1.086 txerto paratu zituzten eta, oraingoz, 25.124 pertsonek hartu dituzte bi dosiak.
 

Adin-tartekako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusiak 15 eta 29 urte bitartekoak dira (%33), eta 45 eta 59 urte bitartekoak (%26). Ondotik, 30 eta 44 urte bitarteko taldea dago (%18), eta 60 eta 75 urte artekoa (%12). Azkenik, 15 urtetik beheitikoak daude (%8) eta 75 urtetik goitikoak (%3).. Positibo berrien batez bertzeko adina 39,5 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 52 emakumeak dira eta % 48 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 51.752 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 1.108koa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun