COVID-19: Azken datuak

Bat-batean, 11 positibo gehiago azken orduetan: 5 Leitzan, 3 Malerrekan, 2 Bortzirietan eta 1 Baztanen

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 6a, 07:41

Atzo, martxoak 5, behin behineko datuen arabera Nafarroan 58 positibo atzeman zituzten, horietatik 11 gure lurraldean.

Azken egunetan apaltze-aldera zegoen joera eten egin da. Azken datuen arabera, 11 positibo atzeman dituzte gure lurraldean: 5 Leitzan, 3 Malerrekan (Donezteben +2 eta Gaztelun +1), 2 Bortzirietan (Arantzan +1 eta Beran +1)  eta bertze bat Almandozen. Nafarroa osoko azken datuei erreparatuta, positibotasun tasa %3,6koa da eta COVID-19agatik gaixotuta ospitalean 72 pertsona zeuden (horietatik 14 ZIUn). Atzeman zituzten 58 kutsatuen batez bertzeko adina 35,2 urtekoa da. Iazko martxoaz geroztik COVID-19aren ondorioz Nafarroan hildakoen kopurua 1.108koa zen atzo.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 414 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 587 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 271 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 470 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, martxoak 5, 1.625 proba egin zituzten (920 PCR eta 705 antigeno proba) eta horietatik 58k positibo eman zuten (%3,6)

COVID-19ak jota, atzo, martxoak 5, 2 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, horietatik 0 ZIUn, eta 1 hildakoren berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 78 daude ospitalean, horietatik 14 ZIUn.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %36, Tuteran %21 eta Lizarran %7. Gainerako positiboak (%36) Nafarroako bertze eskualde batzuen artean daude banatuak.
Txertaketa-planari dagokionez, Nafarroan 75.911 pertsona txertatu dituzte atzoko egunera arte. Atzo, martxoak 5, 2.610 txerto paratu zituzten eta, oraingoz, 25.124 pertsonek hartu dituzte bi dosiak.
 

Adin-tartekako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusiak 30-44 urtekoak dira, eta 15 urtetik beherakoak, % 22. Ondotik, 15-29 urteko taldea dago (%21), eta 45-59 urteko taldea (%19). Azkenik, 60 eta 75 urte bitarteko taldea dago (%14), eta 75 urtetik gorakoena (%2).. Positibo berrien batez bertzeko adina 35,2 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 52 emakumeak dira eta % 48 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 51.686 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 1.108koa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun