Suteek hondatutako mendien berreskuratze lanak bere gain hartuko ditu oso-osorik Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 5a, 07:15

Horrela jakinarazi zien Itziar Gomez Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak Baztan, Bera, Bertizarana eta Lesakako alkateei

Itziar Gomez, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria, Pablo Muñoz Ingurumeneko zuzendari nagusiarekin eta Jose Fermin Olabe, Oihan eta Ehiza Zerbitzuko zuzendariarekin batera, otsailaren 20an eta 21ean Baztanen eta Bidasoan izandako mendiko suteak kaltetutako udaletako ordezkariekin bildu zen martxoaren 4an eta haiekin batera abeltzaintzako azpiegituretarako eta mendien berreskurapenerako aurreikusitako eragin nagusiak eta laguntza-lerroak aztertu zituen, kalte guzti hauei aurre egiteko. 

Lehenik, goizean, Bertizaranako eta Baztango alkateekin, Andres Etxenikerekin eta Joseba Otondorekin bilera egin zuen Bertizko jauregian eta komunikabideei ere adierazpenak egin zizkien. Ondotik, sutearen Bera eta Lesakan suak kaltetutako eremua ikustera joanen zen Aitor Elexpuru Berako alkateekin batera. Ibardinetik bederatzigarren eta hamargarren muga inguruak ikuskatu zituzten.

«Suteak hondatutako zuhaitzen basoberritze lanak osorik bere gain hartuko ditu Nafarroako Gobernuak»

Alkateekin izandako bileraren ondoren, kontseilariak adierazi zuenez «abeltzaintza-azpiegituretarako laguntza-lerro bat aurreikusi dugu eta animaliak galtzeak eragindako kalteak konpentsatzeko modua ere aztertzen ari gara». Gaineratu zuenez, «Ingurumen Zuzendaritza Nagusia basoen berreskuratze lanen gastua bere gain hartuko du oso-osorik».

Zehazki, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak aurreikusten dituen laguntzak abeltzaintzako azpiegiturei laguntzeko lerroan sartuta daude, eta, bertzeak bertze, udal ukuiluak birgaitzeko jarduketak sartzen dira, baita suak kaltetutako itxidurak moldatzea ere. Deialdia tramitatzen ari dira eta gutxi gorabehera hilabeteko epean argitaratuko da. Kalteen berri eman ahal izateko formularioa Berara eta Lesakara bidali dute, eta azienden heriotzari dagokionez, gutti izan arren, zerbitzua konpentsazio formula lantzen ari da.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusia, berriz, ukitutako eremua lehengoratzeko lanez arduratuko da, baina udaberrira arte esperatu beharko da landaredia birsortzeko gaitasuna egiaztatzeko, eta, baloratu ondotik, beharrezko lehengoratze-proiektuak eginen dira. Oraingoz, lehenengo landaketa lanak hasiko dira, eta landaketa gazteenak egin diren eta lehengoratzea zaila izanen den eremuetan landatuko dira.

Eskualdeko alkateek begi onez hartu dituzte Nafarroako Gobernuaren laguntza asmoak eta suak kaltetutakoei beraien balorazioak lehenbailehen aurkezteko deia egin diete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun