Nafarroako Gobernuak COVID-19aren aurkako neurri prebentiboak malgutuko ditu ortziraletik aitzinera. Hipermerkatu, azalera ertain eta handietan, edukieraren % 40ra zabaltzen du, ostalaritzaren barreneko aldea irekitzeko baimena ematen du% 30eko edukierarekin eta jatetxeetako eta funtzio anitzeko lokaletako zenbait ospakizun ere egiten ahalko dira. Modu berean, bi bizikidetza-unitatetara zabaltzen dira bilera pribatuak, gehienez sei pertsonarekin.
Ospakizunak eta ostalaritza
Osasun kontseilariaren Foru Aginduan jasotakoaren arabera, baimenduak daude ezkontzak, bataioak eta jaunartzeak ostalaritzako edo sukaldaritzako establezimenduetan, gehienez ere 12 pertsona barnean eta 20 kanpoan. Mugak ospakizun talde bakoitzari eragiten dio, espazio bereizietan egon beharko baitute. Baldintza horiek berak aplikatuko zaizkie funtzio anitzeko espazioetako ospakizunei. Gainera, arduradunen presentziazko kontrola izan beharko dute, lokalaren edukieraren %30 gainditu gabe.
Bertzalde, joan den astean aipatu zen bezala, ostatuak, kafetegiak eta jatetxeak dituzten establezimenduen barrenean kontsumi daiteke, baimendutako gehienekoaren %30eko edukierarekin.
Kontsumoa mahaian eserita eginen da beti, ez dira lau pertsona baino gehiago izanen mahai bakoitzean eta mahaien artean 2 metroko tartea utzi beharko dute. Salbuespen gisa, sei pertsona izan daitezke mahaian, mahai edo mahai multzoen neurriak direla eta, pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia bermatzen bada. Barrak kontsumizioa eskatu eta jasotzeko erabil ditzakete bezeroek.
Terrazetan ez erretzea gomendatzen dute, %100eko edukierarekin segituko baitute, eta debekatuta dago erretzea, gainerako bezero guztiekin 2 metroko distantzia bermatu ezin denean.
Eremu pribatuan, bi elkarbizitza-unitatetara zabaltzen dira bilera pribatuak, gehienez ere 6 lagunekoak.
Komertzioak
Merkataritzaren sektorean, hipermerkatu, azalera ertain eta handien edukiera %30etik %40ra igo da lokal bakoitzean. Saltoki ttikien edukiera, bertzalde, %50ean segituko du.
Kirola
Kirol jarduerari dagokionez, espazio itxietan zuzendutako gorputz eta kirol jarduerak egiteko taldeak hamar lagunekoak izan daitezke, lehen sei lagunekoak zirenean. Gainera, foru aginduak dioenez, korrikalariek maskara eraman behar dute, pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia bermatu ezin badute. Gainera, pertsona aunitz biltzen diren lekuetan (parkeak, ibai-pasealekuak, hiriguneak...) jarduera hori bakarka egitea gomendatu dute.
Monumentuetan, erakusketa-aretoetan eta museoetan, bisita gidatuetarako taldeak gehienez ere 18 pertsonakoak izan daitezke kanpoan egiten direnean (lehen 12 ziren). Turismo aktiboaren eta naturaren irteerak gehienez ere 18 laguneko taldeentzat ere onartuko dira.
Azkenik, beilatokietan parte hartzen duten pertsonen kopurua 25etik 50era pasatzen da kanpoaldean (barreneko aldean gehienez hamar pertsona izaten ahal dira, lehen bezala).