Koronabirusa

Txertaketa masiboa apirilean hasiko du Osasunbideak

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 19a, 20:30

«Apiriletik aitzinera Nafarroako populazio osoa txertatzeko egitasmoa hasiko da». Halaxe iragarri du gaur Santos Indurainek, Nafarroako Osasun kontseilariak. Orain, osasun langileak, poliziak eta suhiltzaileak ari dira txertoa hartzen. Hemendik astebete edo bi astetara, irakasleekin hasiko dira: hezkuntza berezikoak lehenik, eta lehen eta bigarren hezkuntzakoak gero.

Apirilerako «txertaketa masiboa» egiten hastea aurreikusi du. Adin irizpideak hartuko dituzte kontuan txertatzerakoan, eta martxoan hasiko dira 90 urtetik gorakoak txertatzen, «beranduenen» martxoaren 8an. 7.500 inguru dira Nafarroan adin horretatik goitikoak. Hirietan banatuko dituzte lehenak, eta gerora jarriko dituzte landa eremuetan. Osasun zentroei horretarako baliabideak bidaliko dizkietela jakinarazi du Indurainek.

Martxoan 90 urtetik gorakoekin hasiko dira, eta, gero, 80 urtetik gorakoei emango diete. Indurainek esan du oraindik ez dakitela ziur noiz hasiko diren horiek txertatzen, baina «beranduenen» martxoaren 8an izango dela.

Ordua eskatu beharko da

Apiriletik aitzinera, herritarrek txanda eskatu beharko dute eta horretarako sistema bat prestatzen ari da Nafarroako Osasun Departamentua. Zaharrenak lehenago hasiko dira txertatzen. 70 urtetik gorako 53.755 herritarrak txertatuko dituzte. Ondotik, 60 eta 69 urte arteko 73.800ak, eta gazteago izan arren koronabirusak eraginda osasun arazo larriak garatzeko arriskua dutenak. Talde horien ondotik, gainerako herritar guztiak txertatuko dituzte.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun