Koronabirusa

Ostalaritzarako laguntzak 10 milioitik 18 milioira igoko ditu Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 19a, 20:00

Nafarroako Gobernuak 18 milioi eurora (hasieran aurreikusitakoa baino 8 milioi gehiago) handitu ditu ostalaritza sektorearentzat aurreikusitako laguntzak, establezimenduen itxierak eta pandemiaren harira agindutako murrizketak  sektoreari sortu dizkien kalteak konpentsatzeko.

 

Mikel Irujo Garapen Ekonomikoko kontseilariak eta Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak azaldu dutenez, datorren asteazkeneko Gobernu Kontseiluan onartuko dute laguntzen handitzea.

Gainera, dirulaguntza bakoitzaren muga hirukoiztu eginen dute abenduan emandako laguntzekin konparatuz gero. Horrela, kaltetuek kobratu ahal izanen duten laguntzaren gehienezko kopurua 25.000 eurotik 75.000 eurora pasako da. Bidenabar, kolektibo gehiago sartuko dituzte laguntzetan: ostalaritza, turismoko apartamentu, landetxe eta jarduera-enpresak, modulutan daudenak, bai eta enpresa sortu berriak ere. Jakitera eman dutenez, laguntzak martxoan edo apirilean kobratuko dira.
 

Mikel Irujo kontseilariak adierazi duenez, laguntzak eskatzeko prozedura «azkar tramitatzekoa izanen litzateke, dokumentaziorik aurkeztu gabe, modu erabat telematikoan eta banakako ebaluazioarekin».

Mikel Irujok ziurtatu du, «abenduko laguntza deialdiaren ondotik ostalariek egindako eskaera gehienak» gehitu dituztela oraingoan, eta horrek sektoreko ordezkariengan balorazio «positiboa» eragin duela uste du kontseilariak, «baina xehetasunak eman behar ditugu eta komunikazioa etengabea izanen da, orain arte bezala» gaineratu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun