Hirugarren olatuaren bilakaera «bide onetik» doala iritzita, neurriak leunduko dituela jakinarazi du Nafarroako Gobernuak gaur egindako agerraldian. Otsailaren 26tik aitzinera ostatuen barnealdea zabaltzea onartu du gobernuak, %30eko edukierarekin betiere. Horrez gain, bi bizikidetza unitate bildu ahalko dira espazio pribatuetan, baina gehienez ere sei pertsona.
Javier Remirez, Nafarroako Gobernuko presidenteordeak eta Santos Indurain Osasun kontseilariek eman dute neurri berrien berri. Pandemiaren hirugarren olatuaren bilakaeraren «balorazio positiboa» egin dute, eta azken txosten epidemiologoak bilakaera egokia erakutsi duela adierazi dute. Neurriok osasunaren eta aktibitate sozio ekonomikoaren arteko oreka kontuan hartuta ezarri dituztela adierazi du Remirezek, baina osasun irizpideak lehenetsiz. Neurrien leuntzea iragarri dute, eta otsailaren 26tik martxoaren 11ra bitarte mantenduko dira. Dena den, etxeratze agindua mantenduko da 23:00etatik 06:00etara eta Nafarroako itxiera perimetrala ere mantenduko da.