N-121-A

Gutuna: N-121-A (2+1) Txertoa edo plazeboa

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 19a, 14:00

N-121-A errepidea pasatzen den Nafarroako hainbat udalerritako alkateak bildu eta ohar bat argitaratu dute. Bertan, Nafarroako Gobernuak, Covid-19a aitzakiatzat hartuta, N-121-A errepideak aitzinetik zituen gabeziak moldatu gabe segitzen duela salatu dute.

Ez, ez dugu birus bati buruz hitz eginen, baina zerbait ona badu sartuta gabiltzan saltsak (uler bedi zoritxarra arintzeko modu gisa), hori da, denok zaku berean gaudela. Aberatsak, pobreak, katalan independentistak, katalan konstituzionalistak, bortz axola zaizkien katalanak, txisteetako ingelesak, frantsesak eta alemanak, indarrean dauden txorizoak, txorizo emerituak, langileen familiak, Pedro Sanchezek eta Donald Trumpek. Denok modan dagoen azkeneko maskararekin…

Bai, badakigu, hemen ere mailak daude, mundu guztiak ez du intentsitate berarekin pairatzen eta ez ditu ondorio berberak jasaten (hemendik gure aitorpena benetan gaizki pasatzen ari direnentzat), baina azken batean, guztioi, erabat guztioi, ziurgabetasun berak besarkatzen digu, eta murrizketa berberak jasaten ditugu, gure askatasuna murrizten dutenak, indibidualki zein kolektiboki. Eta gauza jakina da, aunitzen gaitza... Baina hau guztia gertatzen den bitartean eta guztiok bahituta mantentzen gaituen bitartean, bizitzak aitzinera segitzen du, eta gezurra badirudi ere, oinezkoen arruntak bertze kezka batzuk ditu.

Kezka horrek ez dio kolektibo horri kontsolamendua ematen, egunero egoera pairatzen duten nafarren zati bati bakarrik eragiten baitio. Kezka hori N-121-A eztabaidatuaren egoera da, Nafarroako Gobernuak guztiei atsegin arazteko ahaleginak egin dituen arren, ez baitu inor gogobetetzen.

Ez dakigu nola interpretatu duen iritzi publikoak gure isiltasuna, jakina, entzun eta isil baiezko borobil, eta agian pentsatu ahal izan dute foru-agintariekin izan dugun komunikazioa arina eta iraunkorra izan dela. Baina errealitatetik urrun.

Azken hilabeteetan isilik egon gara. Egoera ikusita, argi geneukan lehentasunak bertze batzuk zirela. Hala ere zain, harrituta, eta baita pixka bat txundituta ere, gobernuak errepidearen inguruan egindako mugimendu guztiak segitu ditugu. Ez dakigu nola interpretatu duen iritzi publikoak gure isiltasuna, jakina, entzun eta isil baiezko borobil, eta agian pentsatu ahal izan dute foru-agintariekin izan dugun komunikazioa arina eta iraunkorra izan dela. Baina errealitatetik urrun.

2020ko otsailaren 28an, 1.500 nafar baino gehiagok manifestazioa egin genuen Beran, errepidean barrena, eta, horregatik, gure ustez, justifikaziorik gabeko egoera lotsagarria da; urtea joan urtea etorri, pandemikoa izan ala ez, foru administrazioaren ulermen zantzurik txikiena ere sumatu gabe pairatzen duguna. Aste pare bat geroago Uharten gauza bera egiteko asmoa genuen, urteak baitaramatza konponbideak eskatzen, eta administrazioaren zabarkeriaren bertze adibide bat da. Gaur egungo administrazioarena eta aitzineko guztiena, elkar ezagutzen baitugu, eta baten bat harrotzen hasia da...

Erdi mailako gizarte garatu batean, pentsaezina litzateke Itaroa bezalako leku batean, hogeita batgarren mendean, egunero tona anitzetako milaka kamioik zirkulatzen segitzea, soilik agintea duenak ez duelako eduki behar dena, nazioarteko trafiko hori guztia horretarako prestatutako bide alternatiboetatik desbideratzeko. Frantzian ez litzateke gertatuko. Frantzian, bertze aukera bat badute, denak zintzo doaz joan behar duten lekutik. Eskumena Sustapen Ministerioarena dela diote. Baina ez al dira zuhaitz bereko zura? Zer moduz dei bat? (Houston, arazo bat dugu). Erabakia politikoa da, ez adarrik jo. Erran gabe doa Uhartetik ez dela N-121-A errepidea pasatzen, bere merkataritza-gunetik doazen kamioi gehienak bertara doazela bezalaxe.

Ulertezina da hainbertze urteren ondotik hildakoak zenbatzen segitzea (bost iaz, nahiz eta hiru hilabete konfinatuta egon), eta gobernuari marra jarraituak margotzea baino ez zaio bururatzen. Bikoitzak, hori bai.

Erran bezala, gure asmoa protestekin segitzea zen, eta Beran 1.500 joan baginen, Uharten aunitzez gehiago izatea espero genuen, Iruñetik gertu geundelako. Badakigulako oinezko jendea, beraiek bai, gehienak gure alde daudela. Zentzuzkoa delako eta ulertezina delako hainbertze urteren ondotik hildakoak zenbatzen segitzea (bost iaz, nahiz eta hiru hilabete konfinatuta egon), eta gobernuari marra jarraituak margotzea baino ez zaio bururatzen. Bikoitzak, hori bai.

Deialdia eginda eta baimenduta zegoen, baina Covid-a ailegatu zen, eta garai hartan gertatutakoaren neurria imajinatu ezin genuen arren, leialtasun- eta erantzukizun-ekintza batean, hura gibelatzea erabaki genuen. N-121-A errepidearen arazoa konpondu gabe dago oraindik, aurkezpen zaratatsua izan arren, 2+1 izugarriaren aurkezpena, «Nazioartean emaitza bikainekin testatuta», maskara ongi paratuta daraman inork ez aditu arren. Errepide tamalgarri horren trafikoari (erresumako hiriburura sartzeko bide nagusia Nafarroako 30 udalerri baino gehiagorentzat) ez zaio batere axola txertoa izan edo ez izatea. Eta guri, bide horrek kamioiz gainezka segitzen duen bitartean, 2+1a plazebo hutsa irudituko zaigu; izan ere, 2+1ek hiru batuko ditu, eta hiru soilik batzuetan izanen dira. Nahi eta ezin bat izanen da, bai baina ez, inor pozik uzten ez duen irtenbide bat, konparazioko bidegabekeria lotsagarri bat, guk, gainerako milaka nafarrek bezala, urteak baitaramatzagu (eta geratzen zaizkigunak kudeaketa negargarri bati esker) itzalean bidesariak ordaintzen bertze azpiegitura batzuengatik; azpiegitura horiek guretzat ere ez ditugu eskatzen, baina, gutxienez, gure aldarrikapenei erantzuteko balio beharko lukete.

Bide horrek kamioiz gainezka segitzen duen bitartean, 2+1a plazebo hutsa irudituko zaigu; izan ere, 2+1ek hiru batuko ditu, eta hiru soilik batzuetan izanen dira

Inguruko hogeita hamar bat alkatek, historikoki hagitz ezohikoa izan den arren, dokumentu bat sinatu genuen, inguruan ez jatorririk ez helmugarik zuen nazioarteko trafikoa, Leitzarango autobiatik desbideratzeko eskatuz. Parlamentuak berak eskatu zion gobernuari azter zezala talde parlamentario guztien babesarekin, Navarra Suma izan ezik, abstenitu egin baitzen. Eta gobernua, euria entzuten duenak bezala. Baina ez hori bakarrik, gaur egun dugun alarma-egoera aprobetxatu dute, alderdi aunitzetan esku hartu baitigu, izapide guztiak bizkortzeko, 2+1 modu traketsean eraikitzen hasteko eta propaganda guztia martxan paratzeko. Neurri mirakulutsuen nahasketa bat iragarri zuen: kontrol gehiago, radarrak, marra jarraituak, bidesariak, biribilguneak, tunelen bikoizketa. Azken hori bereziki odoltsua izanen da; izan ere, milioi aunitzetako gastua eraginen du (ez dago dirurik), baina gure eskariari kasu eginez gero, ez litzateke beharrezkoa izanen; izan ere, kamioien joan-etorri gehiegizkoa da horiek segurtasunagatik banatzera behartzen dituena. Hori dela eta, Europar Batasunak hainbertze kezkatzen duen zigorren mehatxua egin dio lurralde kohesioko kontseilariari,  publikoki onartzeraino. Ciriza jauna, errespetu guztiz: Leitzarango tunelak bikoiztuta daude. Denak.

Bidea hobetzearen kontra ez gaude inola ere, zor historikoa dela uste dugu. Baina inork ez dezala zalantzan paratu gure errepideko trafiko astuna nabarmen murriztu behar dugula.

Eta horretan segitzen dugu, gure gobernuak, nafar guztienak, bere propaganda-makineria aktibatzen duen bitartean eta beraientzat irtenbidea dela erakusten duten bitartean, guk, milaka nafar xumek, egunero gurutzatzen segitzen dugu hamarnaka kamioiren palmo bateko distantziara, deskuitzeko tarterik uzten ez dutenak. Bidea hobetzearen kontra ez gaude inola ere, zor historikoa dela uste dugu. Baina inork ez dezala zalantzan paratu gure errepideko trafiko astuna nabarmen murriztu behar dugula. Erran digutenez, hartu beharreko neurriek kamioilariei N-121-A erabiltzea galaraziko dietela espero dute: jaun-andreok, horiek galarazteko arrazoirik baldin bada, desbideratzeko arrazoirik ere bada.

Sinatzaileak: Juankar Unanua (Igantzi), Aitor Elexpuru (Bera), Dabid Iturria (Arantza), Ladis Satrustegi (Lesaka), Migel Mari Irigoien (Etxalar), Ane Otxandorena (Elgorriaga), Leire Ortuoste (Doneztebe), Natalia Rekarte (Donamaria), Ernesto Dominguez (Zubieta), Francisco Javier Bereau (Ituren), Ugutz Zelaieta (Oiz), Andres Etxenike (Bertizarana), Jon Telletxea (Beintza-Labaien), Evaristo Mentaberri (Zugarramurdi), Iñaki Ariztia (Urdazubi), Martin Pikabea (Ultzama), Edurne Barberena (Arraitz-Orkin), Isabel Baleztena (Lantz), Miguel Angel Larraioz (Anue), Alberto Urdaniz (Odieta), Marikarmen Lizoain (Olaibar), Pedro Lezaun (Ezkabarte), Alfredo Arruiz (Uharte).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun