COVID-19: Azken datuak

Lau positibo gehiago azken datuen arabera: bi Baztanen eta bana Lesakan eta Sunbillan

Ttipi-Ttapa 2021eko otsailaren 14a

Orain arte, 42.014 pertsona txertatu dituzte Nafarroan eta horietatik 15.642k hartu dituzte bi dosiak.

Gaur publiko egin dituzten datuen arabera, lau positibo gehiago erregistratu dituzte gure lurraldean: bi Baztanen (Arizkun +1 eta Irurita +1), bat Lesakan eta bertze bat Sunbillan. Nafarroa osoko azken datuei erreparatuta, positibotasun tasa %2,96koa da eta COVID-19agatik gaixotuta ospitalean 152 pertsona zeuden (horietatik 23 ZIUn). Atzeman zituzten 56 kutsatuen batez bertzeko adina 40 urtekoa da. Iazko martxoaz geroztik COVID-19aren ondorioz Nafarroan hildakoen kopurua 1.079koa zen atzo.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 397 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 566 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 257 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 440 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, otsailak 13, 1.886 proba egin zituzten (1.567 PCR eta 319 antigeno proba) eta horietatik 56k positibo eman zuten (%2,96)

COVID-19ak jota, atzo, otsailak 13, 4 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, horietatik 1 ZIUn, eta 0 hildakoren berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 152 daude ospitalean, horietatik 23 ZIUn.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %61, Tuteran %9 eta Lizarran %5. Gainerako positiboak (%25) Nafarroako bertze eskualde batzuen artean daude banatuak.
Txertaketa-planari dagokionez, Nafarroan 42.014 pertsona txertatu dituzte atzoko egunera arte. Herenegun, otsailak 12, 1.179 txerto paratu zituzten eta, oraingoz, 15.642 pertsonek hartu dituzte bi dosiak.
 

Adin-tartekako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusia 45 eta 59 urte bitartekoa da (%25), atzetik 30-44 urte bitartekoa eta 60tik 75era bitartekoa (%19). Ondotik, 15-29 urteko taldea dago (%18), eta 15 urtetik beheitikoak (%14). Azkenik, 75 urtetik goitikoen taldea dago (%5). Positibo berrien batez bertzeko adina 40 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 54 emakumeak dira eta % 46 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 50.355 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 1.079koa.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun