COVID-19: Azken datuak

Bortz positibo atzeman dituzte azken orduetan: bi Bortzirietan eta bana Baztanen, Malerrekan eta Leitzan

Ttipi-Ttapa 2021eko otsailaren 9a

Atzo iritsi ziren Nafarroara 2.700 dosi AstraZeneca farmazeutikarenak, 5.850 dosi Pfizerenak eta 1.600 dosi Modernarenak

Gaur publiko egin dituzten datuen arabera, bortz positibo gehiago erregistratu dituzte gure lurraldean: bi Bortzirietan (Bera +1 eta Lesaka +1), bat Elizondon, bat Leitzan eta beste bat Zubietan. Nafarroa osoko azken datuei erreparatuta, positibotasun tasa %4,8koa da eta COVID-19agatik gaixotuta ospitalean 179 pertsona zeuden (horietatik 28 ZIUn). Atzeman zituzten 139 kutsatuen batez bertzeko adina 37,8 urtekoa da. Iazko martxoaz geroztik COVID-19aren ondorioz Nafarroan hildakoen kopurua 1.070ekoa zen atzo.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 393 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 548 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 255 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 429 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, otsailak 8, 2.883 proba egin zituzten (1.587 PCR eta 1.296 antigeno proba) eta horietatik 139k positibo eman zuten (%4,8)

COVID-19ak jota, atzo, otsailak 8, 14 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, horietatik 0 ZIUn, eta 9 hildakoren berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 179 daude ospitalean, horietatik 28 ZIUn.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %64, Tuteran %7 eta Lizarran %4. Gainerako positiboak (%25) Nafarroako bertze eskualde batzuen artean daude banatuak.
Txertaketa-planari dagokionez, Nafarroan 36.436 pertsona txertatu dituzte atzoko egunera arte. Atzo, otsailak 8, 1.401 txerto paratu zituzten eta, oraingoz, 12.743 pertsonek hartu dituzte bi dosiak.
 

Adin-tartekako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusiak 30 eta 44 urte bitartekoak dira (%24), eta 45 eta 59 urte bitartekoak (%23). Ondotik, 15 urtetik beheitikoen taldeak daude (%22), eta 15-29 urtekoen taldeak (%17). Azkenik, 60 eta 75 urte bitarteko taldea (%9) eta 75 urtetik goitikoena (%5). Positibo berrien batez bertzeko adina 37,8 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 51 emakumeak dira eta % 49 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 49.935 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 1.070ekoa.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun