COVID-19: Azken datuak

Lau positibo gehiago azken datuen arabera: hiru Bortzirietan eta bat Leitzan

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 7a, 08:48

Gaur publiko egin dituzten datuen arabera, lau positibo gehiago erregistratu dituzte gure lurraldean: bi Etxalarren, bat Beran eta beste bat Leitzan. Nafarroa osoko azken datuei erreparatuta, positibotasun tasa %3,7koa da eta COVID-19agatik gaixotuta ospitalean 187 pertsona zeuden (horietatik 32 ZIUn). Atzeman zituzten 87 kutsatuen batez bertzeko adina 43,5 urtekoa da. Iazko martxoaz geroztik COVID-19aren ondorioz Nafarroan hildakoen kopurua 1.055ekoa zen atzo.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 391 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 547 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 254 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 424 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, otsailak 6, 2.350 proba egin zituzten (1.991 PCR eta 359 antigeno proba) eta horietatik 87k positibo eman zuten (%3,7)

COVID-19ak jota, atzo, otsailak 6, 6 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, horietatik 0 ZIUn, eta 3 hildakoren berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 187 daude ospitalean, horietatik 32 ZIUn.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %46, Tuteran %9 eta Lizarran %6. Gainerako positiboak (%39) Nafarroako bertze eskualde batzuen artean daude banatuak.
Txertaketa-planari dagokionez, Nafarroan 34.497 pertsona txertatu dituzte atzoko egunera arte. Atzo, otsailak 6, 617 txerto paratu zituzten eta, oraingoz, 11.069 pertsonek hartu dituzte bi dosiak.
 

Adin-tartekako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusiak 45 eta 59 urte bitartekoak dira (%29), eta 15 eta 29 urte bitartekoak (%21). Ondotik, 30-44 urteko taldea dago (%16), eta 15 urtetik beheitikoak eta 60tik 75era bitartekoak (%13). Azkenik, 75 urtetik goitikoen taldea dago (%8). Positibo berrien batez bertzeko adina 43,5 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 59 emakumeak dira eta % 41 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 49.716 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 1.055ekoa.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun