Mugen itxieraz hitz egiteko Euroeskualdeari presazko bilera eskatzearen kontra bozkatu du Parlamentuan Navarra Sumak eta PSN abstenitu da

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 6a, 16:15

Javier Esparza eta IƱaki Iriarte, Navarra Sumako parlamentariak.

Parlamentuko osoko bilkurak atzera bota du EH Bilduren mozioa eta, ondorioz, Nafarroako Gobernuak ez du eskatuko «Euroeskualdearen ezohiko eta presazko bilera bat egitea» pasabideen ixteak sortzen dituen kalte eta arazoez hitz egiteko. Mozioaren kontra bozkatu du Navarra Sumak, PSN abstenitu da eta Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak mozioaren alde bozkatu dute.

Mozio horretan «mugako pasabideen hesteak bizilagunen mugikortasunean, ekonomian eta enpleguan duen eragina aztertzea, herritarrei laguntzeko neurri publikoak ezartzea eta pasabide guztiak ahalik eta lasterren irekitzea» eskatzen zuen EH Bilduk.

Eztabaidaren prozesuan, Geroa Baik gehitzeko bigarren zuzenketa bat planteatu du baina EH Bilduk ez du onartu. Geroa Bairen zuzenketa horren bidez Nafarroako Gobernua premiatu nahi zuen «azterlan bat egin dezan Nafarroaren ixte perimetralak zer ondorio ekonomiko eta laboral sortzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoarekin, Errioxarekin eta Aragoirekin mugakide diren udalerrietan, beharrezkoak diren onbideratze-neurri ekonomikoak ezartze aldera».

Arrazoien azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako mozioak pasa den urtarrilaren 14an Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga zeharkatzeko bederatzi pasabide ixteak eskualde horretako herritarrei, bai egunerokoari bai mugikortasunari dagokienez eragiten dizkien eragozpenen berri ematen du. Emandako argudioak urriak direla eta itxiera xedatzeko oinarri gisa erabilitako informazio frogagarririk ez dagoela salatzen du, eta horregatik, Euroeskualdearen bilera urgente eta ezohikoa eskatzen du.

EH Bilduk dioenez, «mehatxu terroristaren aurkako borrokak ez ditu justifikatzen Frantziako Gobernuak ezarri dituen murrizketak, are gehiago pandemiarekin lotutako salbuespen-egoeragatik mugak berriki itxita egon direnean».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun