COVID-19: Azken datuak

Lau positibo gehiago azken datuen arabera, lauak Bortzirietan

87 kasu positibo erregistratu dituzte Bortzirietan hilabete batean, urtarrilaren 6az geroztik.

Gaur publiko egin dituzten datuen arabera, lau positibo gehiago erregistratu dituzte gure lurraldean: bi Igantzin eta bana gehiago Etxalarren eta Lesakan. Nafarroa osoko azken datuei erreparatuta, positibotasun tasa %6,1ekoa da eta COVID-19agatik gaixotuta ospitalean 192 pertsona zeuden (horietatik 32 ZIUn). Atzeman zituzten 171 kutsatuen batez bertzeko adina 44,2 urtekoa da. Iazko martxoaz geroztik COVID-19aren ondorioz Nafarroan hildakoen kopurua 1.052koa zen atzo.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 391 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 547 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 253 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 422 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, otsailak 5, 2.810 proba egin zituzten (1.794 PCR eta 1.016 antigeno proba) eta horietatik 171k positibo eman zuten (%6,1)

COVID-19ak jota, atzo, otsailak 5, 10 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, horietatik 1 ZIUn, eta 4 hildakoren berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 192 daude ospitalean, horietatik 32 ZIUn.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %56, Tuteran %8 eta Lizarran %10. Gainerako positiboak (%26) Nafarroako bertze eskualde batzuen artean daude banatuak.
Txertaketa-planari dagokionez, Nafarroan 33.880 pertsona txertatu dituzte atzoko egunera arte. Atzo, otsailak 5, 1.765 txerto paratu zituzten eta, oraingoz, 10.467 pertsonek hartu dituzte bi dosiak.
 

Adin-tartekako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusiak 15-29 urtekoak eta 30-44 urtekoak dira, %22rekin. Ondotik, 45 eta 59 urte bitarteko adingabeak daude (%17), eta 75 urtetik goitikoak (%16). Azkenik, 15 urtetik beheitikoen taldeak (%14) eta 60tik 75era bitartekoak (%9). Positibo berrien batez bertzeko adina 44,2 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 59 emakumeak dira eta % 41 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 49.629 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 1.052koa.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun