COVID-19: Azken datuak

Hamar positibo gehiago azken orduetan: lau Baztanen, hiru Iturenen, bi Lesakan eta bat Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2021eko otsailaren 4a

Berako eta Lesakako zahar etxeetako egoiliarrek eta langileek otsailaren 8an hartuko dute bigarren dosia

Gaur publiko egin dituzten datuen arabera, hamar positibo gehiago erregistratu dituzte gure lurraldean: lau Baztanen (Lekaroz +3 eta Elizondo +1), hiru Iturenen,  bi Lesakan eta bat Goizuetan. Nafarroa osoko azken datuei erreparatuta, positibotasun tasa %6koa da eta COVID-19agatik gaixotuta ospitalean 195 pertsona zeuden (horietatik 31 ZIUn). Atzeman zituzten 229 kutsatuen batez bertzeko adina 37 urtekoa da. Iazko martxoaz geroztik COVID-19aren ondorioz Nafarroan hildakoen kopurua 1.045ekoa zen atzo.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 391 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 546 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 252 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 417 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, otsailak 3, 3.824 proba egin zituzten (2.571 PCR eta 1.253 antigeno proba) eta horietatik 229k positibo eman zuten (%6)

COVID-19ak jota, atzo, otsailak 3, 12 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, horietatik 1 ZIUn, eta 3 hildakoren berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 195 daude ospitalean, horietatik 31 ZIUn.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %67, Tuteran %9 eta Lizarran %6. Gainerako positiboak (%18) Nafarroako bertze eskualde batzuen artean daude banatuak.
Txertaketa-planari dagokionez, Nafarroan 30.630 pertsona txertatu dituzte atzoko egunera arte. Atzo, otsailak 3, 1.834 txerto paratu zituzten eta, oraingoz, 8.081 pertsonek hartu dituzte bi dosiak.
 

Adin-tartekako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusiak 15 urtetik beheitikoak eta 30-44 urtekoak dira (%22). Ondotik, 15-29 urteko taldea dago (%21), eta, segidan, 45-59 urteko taldea (%17). Azkenik, 60 eta 75 urte bitarteko taldeak (%12) eta 75 urtetik goitikoak (%6). Positibo berrien batez bertzeko adina 37 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 56 emakumeak dira eta % 44 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 49.233 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 1.045ekoa.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun