COVID-19: Azken datuak

Zortzi positibo gehiago azken datuen arabera: bortz Baztanen eta hiru Bortzirietan

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 2a, 07:58

Nafarroan oraingoz 6.376 pertsonek hartu dituzte bi dosiak.

Gaur publiko egin dituzten datuen arabera, zortzi positibo gehiago erregistratu dituzte gure lurraldean: bortz Baztanen (Arraioz +2, Elizondo +2 eta Elbete+1) eta hiru Bortzirietan (Bera +2 eta Lesaka +1). Nafarroa osoko azken datuei erreparatuta, positibotasun tasa %6,2koa da eta COVID-19agatik gaixotuta ospitalean 198 pertsona zeuden (horietatik 34 ZIUn). Atzeman zituzten 191 kutsatuen batez bertzeko adina 40,7 urtekoa da. Iazko martxoaz geroztik COVID-19aren ondorioz Nafarroan hildakoen kopurua 1.039koa zen atzo.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 388 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 540 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 251 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 413 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, otsailak 1, 3.098 proba egin zituzten (1.804 PCR eta 1.294 antigeno proba) eta horietatik 191k positibo eman zuten (%6,2)

COVID-19ak jota, atzo, otsailak 1, 10 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, horietatik 0 ZIUn, eta 4 hildakoren berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 198 daude ospitalean, horietatik 34 ZIUn.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %66, Tuteran %8 eta Lizarran %7. Gainerako positiboak (%19) Nafarroako bertze eskualde batzuen artean daude banatuak.
Txertaketa-planari dagokionez, Nafarroan 27.362 pertsona txertatu dituzte atzoko egunera arte. Atzo, otsailak 1, 1.747 txerto paratu zituzten eta, oraingoz, 6.376 pertsonek hartu dituzte bi dosiak.
 

Adin-tartekako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusia 45 eta 59 urte bitartekoa da (%24); ondotik, 30 eta 44 urte bitarteko taldeak (%20) eta 15 urtetik beheitikoak (%19). Ondoren, 15-29 urteko taldea dago, %14rekin, eta 60tik 75era bitartekoa, %13arekin. Azkenik, 75 urtetik goitikoen taldeak kutsatze berrien %10 dira. Positibo berrien batez bertzeko adina 40,7 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 52 emakumeak dira eta % 48 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 48.837 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 1.039koa.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun