COVID-19: Azken datuak

Gorakada handia positiboetan atzotik: zazpi Malerrekan, bortz Bortzirietan eta hiru Leitzan

Atzo pertsona bat hil zen Nafarroan eta 12 ospitaleratu zituzte, horietako bat ZIUn.

Gaur publiko egin dituzten datuen arabera, 15 positibo gehiago erregistratu dituzte gure lurraldean: zazpi Malerrekan (Doneztebe +4 eta Ituren +3), bortz Bortzirietan (Beran +4 eta Etxalar +1) eta hiru gehiago Leitzan. Nafarroa osoko azken datuei erreparatuta, positibotasun tasa %6,4koa da eta COVID-19agatik gaixotuta ospitalean 196 pertsona zeuden (horietatik 33 ZIUn). Atzeman zituzten 182 kutsatuen batez bertzeko adina 38,4 urtekoa da. Iazko martxoaz geroztik COVID-19aren ondorioz Nafarroan hildakoen kopurua 1.033koa zen atzo.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 386 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 535 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 251 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 409 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, urtarrilak 30, 2.829 proba egin zituzten (2.235 PCR eta 594 antigeno proba) eta horietatik 182k positibo eman zuten (%6,4)

COVID-19ak jota, atzo, urtarrilak 30, 12 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, horietatik 1 ZIUn, eta 1 hildakoren berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 196 daude ospitalean, horietatik 33 ZIUn.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %52, Tuteran %11 eta Lizarran %7. Gainerako positiboak (%30) Nafarroako bertze eskualde batzuen artean daude banatuak.
Txertaketa-planari dagokionez, Nafarroan 25.357 pertsona txertatu dituzte atzoko egunera arte. Atzo, urtarrilak 30, 868 txerto paratu zituzten eta, oraingoz, 5.076 pertsonek hartu dituzte bi dosiak.
 

Adin-tartekako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusia 45 eta 59 urte bitartekoa da (%25), atzetik 15-29 urteko taldeak (%22) eta 30-44 urtekoak (%20). Ondotik, 15 urtetik beheitikoen taldea dago (%18). Azkenik, 75 urtetik goitikoak daude (%10) eta 60tik 75era bitartekoak (%5). Positibo berrien batez bertzeko adina 38,4 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 54 emakumeak dira eta % 46 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 48.130 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 1.033koa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun