Nafarbide sozietate publikoak kudeatuko ditu kamioiendako bidesariak 5 errepidetan, horien artean N-121-A errepidean

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 27a, 20:00
N-121-A errepidearen ikuspegia Almandoz inguruan.

Sozietate Publiko berri honen egitekoa, N-121-A, A-1, A-10, A-15 eta A-68 errepideen ustiaketa, zainketa eta mantentze-lanak egitea izanen da. Bernardo Zirizak, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko kontseilariak adierazi duenez, ibilgailu astunentzako bidesariak «pixkanaka» ezarriko dira eta litekeena da urte honen amaieran lehenengo bidesaria ezarrita egotea.

Kontseilariak gogorarazi duenez, duela sei hilabete Nafarroako Gobernuak eta PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta Ezkerrak «errepideak zerbitzu publiko gisa finantzatu eta hobetzeko» aurreakordioa lortu zuten.

Hala, Parlamentuko talde guztiak (Navarra Sumak izan ezik) babestu egin zuten Nafarroako Gobernuak egindako proposamenaren oinarria: ibilgailu astunentzako bidesariak kudeatu eta ezartzeaz arduratuko zen enpresa publiko bat sortzea. Kamioiei bidesaria jartzearen aukera Europan erabiltzen diren bi printzipio ditu oinarri gisa: «erabiltzen duenak ordaintzen du» eta «kutsatzen duenak ordaintzen du». Zirizak adierazi duenez, 2020ko azken hilabeteetan «gogor lan egin da aurrera egiteko». Izan ere, errepideen erabilera kanona arautzen duen foru lege proiektua amaiera fasean dago, tramite hori beharrezkoa baita 2021. urteko arau plana egiteko.

Era berean, «laster» zerbitzu kontratua lizitatuko dela aurreratu du kontseilariak, Nafarroako bide azpiegituretan erabileraren ordainketa ezartzeko bideragarritasun azterlana egiteko.

Bertzalde, Nafarbide enpresa publikoaren estatutuen proposamena aurkeztu du Zirizak Parlamentuan. Zirriborro hori «talde parlamentarioen ekarpenei irekia dago, eta, gainera, aldaketa txikiak izan ditzake, Merkataritza Erregistroan izapidetzearen ondorioz».

Parlamentarien iritziak

Nafarbide «PSNren beste enplegu-agentzia bat» izanen dela salatu du Javier Garcíak, Navarra Sumako parlamentarioak, eta gogorarazi du PSN «aurreko legealdian bidesari berrien aurka zegoela». Erran duenez, «prentsaren bidez» izan du Nafarbideren berri eta kontseilariaren «gardentasun falta» deitoratu du. Bukatzeko, «Navarra Sumak enpresa publiko berri honen helburua eta funtsa ez dituela bere egiten» adierazi du eledunak.

PSNko Jorge Agirrek aldiz, Nafarroako errepideen mapak «egoera penagarria» duela adierazi du, «hainbat urtetan alde batera utzita» egon delako eta «errepide-planean aurreikusita zeuden 200 ekintzetatik bakarrik 20 egin direlako». Beraz, kamioentzako bidesariak ezartzeko lortu den akordioa defendatu du eta sozietate publiko hau eratzea «egokitzat» jo du.

Geroa Baiko Pablo Azkonak ere defendatu du lortu den akordio politikoa, eta «proposatzen den sozietate publikoa eraginkorra izan daitekeela» iritzi dio. «Tresna guztiz baliagarria da eta zerbitzuak emateko administrazio publikoak sortzen duen tresna bati txiringito deitzea akatsa dela» azaldu du.

EH Bilduko Adolfo Araizek ere «orokorrean» bat egin du Ziriza kontseilariak enpresa publiko berriari buruz egindako proposamenarekin, «estatutuetako gai batzuk aztertzeko zain» dauden arren. Gai horiek «leuntzeko gai izatea» espero duela azaldu du Araizek, «horrek guztiak azpiegituren hobetzea ekarriko duela» uste baitu. «Txiringitoak ez dakit, baina azpiegituren arloan UPN-k utzi zuen herentzia begiratu beharko luke García jaunak» aurpegiratu dio Navarra Sumako parlamentariari.

Azkenik, Ezkerrako Marisa de Simónek adierazi du sailburuak proposatutako dokumentuak eta estatutuak «sakon eta zehaztasunez» aztertuko dituztela, eta «enpresa publikoa izatea guztiz beharrezkoa zela» erran du. Gainera, Navarra Sumak arlo honetan duen jarrera kritikatu bidenabar, gaitzetsi egin du «besteei lezioak ematen» ibiltzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun