Nafarroan kamioientzako bidesariak ezartzeko aurreakordioa adostu du Parlamentuko gehiengoak

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 10a, 20:00

(A-10, A-15, N-121-A, A-1 eta A-68) Trafikorik handiena duten 5 errepideetan kamioiei bidesariak jartzeko aurreakordia adostu dute PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta I-Ek (Parlamentuko talde guztiak Navarra Sumak izan ezik).

Parlamentuan gehiengoa osatzen duten alderdiek Foru Gobernuak egindako proposamenaren oinarriak babestu dituzte eta «datozen egunetan gai zehatzak konpondu, zehaztu eta adostu ahal izateko elkargunetzat» jo dute gaur erdietsi duten aurreakordioa. Akordioa definitiboki onartuz gero, urtean errepideetan inbertitzeko 45 milioi euro eskuratu eta premiazko obrak finantzatu ahal izango lirateke, hala nola N-121-A edo Belate eta Almandozko tunelak.

Kamioiei bidesaria jartzearen aukera Europako printzipio hauetan oinarritzen da: «erabiltzen duenak ordaindu egiten du» eta «kutsatzen duenak ordaindu egiten du». Bernardo Ciriza Lurralde Kohesiorako kontseilariaren arabera, ibilgailu astunak dira errepideak gehien hondatzen dituztenak eta kutsaduran eragin handiena dutenak. Bileran azpimarratu dutenez, «Anet eta TRADISNA garraiolarien elkarteekin bilerak eta harreman iraunkorrak dituzte.

Gisa honetako bidesariak hagitz hedatuak daude Europar Batasunean eta Alemania, Portugal, Herbehereak, Belgika, Danimarka, Suedia, Txekiar Errepublika edo Polonia bezalako herrialdeek lurraldearen % 100ean bidesariak ezarrita dituzte. Bertze herrialde batzuek, berriz, Frantzia edo Italia kasurako, lurraldearen osotasunean ez bada, bai lurraldearen zatirik handienetan.

Alde horretatik, Espainia salbuespena da gaur egun eta Euskal Autonomia Erkidegoak bakarrik ezarri ditu bidesariak ahalmen handiko ia bide guztietan. Gogorarazi dutenez, Nafarroak kokapen estrategikoa du Europako sarrera-irteerako ate gisa eta trafiko-astunaren «igarobidea» dela kontsidera daiteke.

Gobernuak ziurtatu duenez, errepide nagusiak hobetzeko inbertsioak eragin ekonomiko nabarmena izanen du Foru Erkidegoan eta, datozen lau urteetan, N-121-A errepideko eta Belate eta Almandozko tuneletako obrak gauzatzearekin soilik (168 milioi euro inguruko aurrekontua dute), gutienez, lanaldi osoko 2.400 lanpostu eta 165,8 milioi euroko Balio Erantsi Gordina sortuko dira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun