Gobernuaren iritziz, kamioientzako bidesariak N-121-A errepidea edo Belate eta Almandozko tunelak finantzatzeko aukera emanen luke

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 16a, 12:00

Nafarroako tuneletan izaten diren hiru gorabeheretatik bi Belaten edo Almandozen gertatzen dira.

Nafarroan trafikorik handiena duten errepideetan dabiltzan kamioiei bidesariak jartzea aztertzen ari da Nafarroako Gobernua. Neurri hori aplikatuz gero, urtean errepideetan inbertitzeko 45 milioi euro eskuratu eta premiazko obrak finantzatu ahal izanen lirateke, hala nola N-121-A edo Belate eta Almandozko tunelak. Kontuan hartu behar da bi tunel hauek bikoiztea Europar Batasunak agindua duela aspalditik.

Foru Gobernuak ohar baten bidez adierazi duenez, Nafarroak 45 milioi euro bilduko lituzke urtean gaur egun emakidarik ez duten edukiera handiko errepideetan (A-10, A-15, N-121-A, A-1 eta A-68) ibilgailu astunei bidesaria jarriz gero.

Bernardo Ciriza Lurralde Kohesioko kontseilaria proposamen hori partekatzen ari da Parlamentuko taldeetako ordezkariekin eta Comptos Ganberako ordezkariekin.

Prentsa ohar baten bitartez azaldu duenez, enpresa publiko bat arduratuko litzateke ahalmen handiko 5 bide horien kudeaketaz, eta sektore publikoaren finkapen perimetrotik kanpo kokatuko litzateke, hau da, bere jarduerak ez lirateke kontuan hartuko ez defizit gisa, ez Foru Administrazioaren zorpetze gisa.

Ildo horretan, «alderdien ekarpenei irekitako proposamena» dela eta «ahalik eta adostasun politikorik handiena» lortu nahi duela azpimarratu du. «Nafarroak aitzinera egiten segitu behar du gizartearen eta lurraldearen kohesioan, garapen ekonomikoan eta bide-segurtasunean. Soilik ibilgailu astunentzako bidesariak dituen finantzazio aukera hori arras zabalduta dago Europako herrialde auniztan, kutsatzen duenak ordaindu egiten du eta erabiltzen duenak ordaindu», azpimarratu du.

Foru Gobernuak azaldu duenez, bidesariei buruz jakitera eman dituzten kopuruak «hasierakoak eta orientagarriak dira, hainbat aldagairen araberakoak baitira: trafiko astunaren bilakaera, bidesariaren tarifa, azkenean aukeratuko den bidesari sistema ezartzearen kostua, eta abar».

Bidesariak bakarrik kamioientzako
Kontseilariak azaldu duenez, edukiera handiko bideetan dauden ibilgailu astunen tarifak «arras zabalduta daude Europar Batasunean». Hala, Alemania, Portugal, Herbehereak, Belgika, Danimarka, Suedia, Txekiar Errepublika edo Polonia bezalako herrialdeek bidesariak dituzte ezarrita lurraldearen % 100ean. Frantzia edo Italia bezalako bertze herrialde batzuek ere nagusiki ezarriak dituzte antzeko neurriak. Ildo horretan, «Espainia, gaur egun, ia-ia salbuespena da horri dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoak bakarrik ezarri baititu bidesariak ahalmen handiko ia errepide guztietan».

Ez ibilgailu arinentzako bidesaririk, ez itzalpeko bidesaririk
Bertzalde, Ciriza kontseilariak alderdi politikoei aurreratu dienez, bere «Departamentuak ez du inolaz ere aurreikusten ibilgailu arinentzako bidesariak ezartzea gaitasun handiko bortz bide horietan». Era berean, itzalpeko bidesarien bidezko finantzaketa ere baztertu du Foru Gobernuak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun