Koronabirusa

Ostalaritzako establezimenduen barnean kontsumitzeko debekua otsailaren 11ra arte luzatu dute

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 27a, 13:06

Covid-19aren kontra borrokatzeko hartu ziren neurriak bertze 14 egunez luzatzea erabaki du gaur Nafarroako Gobernuak. Horrek erran nahi du ezin izanen dela kontsumitu ostatu, kafetegi eta jatetxeetako barnealdean otsailaren 11 arte, kanpoko terrazetan izan ezik.

Gisa berean, etxeetan etxekoak bakarrik elkartu ahal izanen dira. Santos Indurain kontseilariak iragarri duenez, datu epidemiologikoen bilakaeraren arabera berrikusiko dituzte aipatutako neurri hauek.

Hala, «Gabonetan behera egin ondotik, orain gora egin dute kutsatuen kopuruek». Joera horrek adierazten du Covid-19ak Nafarroan izan duen eragina handitu egin dela (100.000 biztanleko 486 kasu 14 egunetan), eta, beraz, arrisku handiko egoeran gaudela gaur-gaurkoz. Hala ere, ñabardura hau egin du kontseilariak: «hazkunde hori ez da esponentziala izan urrian gertatu zen bezala, mailakakoa izan da», eta agian «hazkundea moteldu edo leundu egin daiteke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun