COVID-19: Azken datuak

Hamalau positibo atzeman dituzte azken orduetan: launa Bortzirietan eta Leitzan eta hiruna Baztanen eta Malerrekan

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 21a, 08:25

Gora egin du azken orduetan gure lurraldean atzemandako positiboen kopuruak: lau Beran, lau Leitzan, hiru Elizondon, bi Sunbillan eta bat Donezteben. Nafarroa osoko azken datuei erreparatuta, positibotasun tasa %7,5ekoa da eta Covid-19agatik gaixotuta ospitalean 178 pertsona zeuden (20 ZIUn). Atzeman zituzten 231 kutsatuen batez bertzeko adina 38,3 urtekoa da. Covid-19aren ondorioz martxoaz geroztik Nafarroan hildakoen kopurua 998koa da.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 355 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 519 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 245 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 367 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, urtarrilak 20, 3.226 proba egin zituzten (2.031 PCR eta 1.050 antigeno proba) eta horietatik 231k positibo eman zuten (%7,5)

Covid-19ak jota, atzo, urtarrilak 20, 19 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, 2 ZIUn, eta 1 hildakoren berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 178 daude ospitalean, horietatik 20 ZIUn.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %57, Tuteran %14 eta Lizarran %11. Gainerako positiboak (%18) Nafarroako bertze eskualde batzuen artean daude banatuak.
Txertaketa-planari dagokionez, Nafarroan 16.036 pertsona txertatu dituzte atzoko egunera arte. Atzo, urtarrilak 20, 763 txerto paratu zituzten.
 

Adin-tartekako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusiak 15 eta 29 urte bitartekoak dira (%27), eta 45 eta 59 urte bitartekoak (%20). Atzetik datoz 15 urtetik beherakoen taldeak (%17) eta 30-44 urtekoak (%16). Azkenik, 60 eta 75 urte bitarteko taldeak kasu berrien %14 hartzen du, eta 75 urtetik gorakoak, %6. Positibo berrien batez bertzeko adina 45,7 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 53 emakumeak dira eta % 47 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 45.934 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 998koa da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun