Koronabirusa

«Benetako erreskate bat» eskatu dute ostalariek

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 21a, 10:00

ANAPEH Nafarroako Ostalaritza Enpresa Txikien Elkarteak elkarteko kide diren hainbat lagunen testigantzak bildu ditu, zifren gibelean daudenen errealitatea zein den biltzeko asmoz. Horien artean, Beintza-Labaiengo Orbela aterpeko Mikel Albisu eta Doneztebeko Titi ostatuko Fran Ezkurra argi mintzatu dira: negozioaren %77 eta %50 galdu dute, hurrenez hurren. 

ANAPEH elkarteak inkesta bat egin du bere kideen artean, «krisiari aitzin egiteko eta karrikan gertatzen ari dena ezagutu ahal izateko». Horien artean bildu ditu Beintza-Labaiengo Orbela aterpeko Mikel Albisu eta Doneztebeko Titi ostatuko Fran Ezkurraren testigantzak.

«Negozioaren %77 galdu dugu»

Beintza-Labaiengo Orbela aterpeko Mikel Albisuk azaldu duenez, «negozioaren %77 galdu dugu». Horrekin batera, «martxoan bortz langile izatetik gaur egun hiru izatera pasatu gara, bat ostalaritzan eta ostatuan eta bi hezkuntzarekin kanpoko akordio bati esker mantentzen direnak». Lehenbiziko aldian ez zuela laguntzarik eskatu aitortu du, «autonomo bakarra naizelako, pertsona bakarreko sozietate mugatua izateagatik, eta hezkuntzarekin dugun proiektuak pertsona baten lana behar zuelako».

«Laguntzak ez dira nahikoak galerak konpentsatzeko».

Mikel ALBISU, Beintzako Orbela aterpea

Azken deialdian, ordea, laguntza eskatu zuen: «baina laguntza %25 murriztu da ekonomia jarduera bat baino gehiago izateagatik, kasu honetan turismoarekin lotuta». Bere ustez, hartu duen laguntza «ez da nahikoa galerak konpentsatzeko»: «laguntza horiek lortzeko, sektoreak karrikara atera behar izan du eta mekanismo automatikoa izan behar luke, hau da, gure jarduera itxi edo murriztu behar badugu, laguntza unean bertan eta ezarritako murrizketekiko proportzionala aktibatu behar da». Albisuri «ulertezina» iruditzen zaio «turismotik sustapen- eta bonu-kanpaina bat ez prestatzea, aitzineko krisian egin zen bezala. Badakit komunitateen edota estatuen arteko itxierek irauten duten bitartean zaila dela horrelako kanpaina bat aktibatzea, baina guttienez, mezu bat bidal diezakete sektoreari: 'zurekin gaude, martxan jarriko dugu'».

«Negozioaren %50 galdu dugu»

Doneztebeko Titi ostatuko Fran Ezkurrak ere galdera handia sumatu du, «negozioren %50 galdu» baitu»: «Gaur egun bi autonomok, lau lagunek lanaldi osoan eta zazpi lagunek lanaldi partzialean lan egiten dute, martxoan baino bat guttiagok».

«Erakundeek gaizki eta modu bidegabean jokatu dute»

Fran EZKURRA, Doneztebeko Titi ostatua

Bere kasuan, lehenbiziko deialdirako eta dekretuko laguntzetarako laguntza eskatu zuen, «baina gure enpresaren forma juridikoan aldaketa bat izan genuen 2019an, zehazki, sozietate irregular batetik sozietate mugatu batera pasa ginen, eta horrek laguntzaren guttieneko zenbatekoarekin utzi gaitu».

Erakundeek «gaizki eta modu bidegabean» jokatu dutela uste du Ezkurrak eta elkarteek «lan gogorra» egiten dutela gaineratu du.

Nafarroako Gobernuari irtenbide eskean

«Egoera okerrenean dagoen sektorea ostalaritza» izan dela salatu du ANAPEH Nafarroako Ostalaritza Enpresa Txikien Elkarteak. Nafarroako Estatistika Institutuak emandako datuak ere ekarri ditu gogora elkarteak eta horren arabera, «2020ko urtarriletik azarora bitartean, hotelek gaualdien %63,7 galdu dute, landa turismoak %39,2 eta ostalaritzak %51,2». 

Nafarroako Gobernuak sektorera hamar milioi euroko laguntza bideratuko duela iragarria du baina ANAPEHk zalantzak ditu horren inguruan: «oraindik ez dakigu zer ekarriko digun laguntza pakete berriak, baina aitzineko dekretuko laguntzen oinarrietan jasotako baldintzek sarbidea mugatu diete enpresa aunitzi». Hala, ostalarien «%58k laguntzak ezin izan dituztela eskatu» adierazi du eta «eskatu duten enpresen %56k guttieneko laguntza baino ez dutela hartu» gaineratu du: «2.850 euro guztira lau hilabeteko itxieraren ondotik, %30 eta %50 arteko edukierarekin abuztuaz geroztik, eta diskotekak eta dantzalekuak martxotik itxita, uztailean bizpahiru aste izan ezik». Elkarteak honela gaineratu du: «dirulaguntza hartu dutenen artean %56k guttieneko laguntza hartu du, kontuan hartu gabe gaueko ostatua den eta bere jarduera oztopatua izan den edo ez, terraza duen edo ez, fakturazioaren galera edo jasandako kalte ekonomikoaren adierazle diren bertze parametro batzuk dituen edo ez...». Horiei «laguntza %25 murriztu» zaizkienen kasuak gehitu behar zaizkiela dio elkarteak: «tabakoa saltzeagatik bigarren ekonomia-jardueraren gaineko zerbat bat izateagatik».

Horregatik «deialdi honetatik kanpo gelditu diren enpresa guztiei irtenbide bat emateko» eskatu dio ostalarien elkarteak Nafarroako Gobernuari: «ostalaritzaren itxieraren eta ordutegietan nahiz edukieran izandako murrizketen eragina konpentsatuko duen benetako erreskate bat».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun