Koronabirusa

Nafarroan ezin izanen da ostalaritzako establezimenduen barnean kontsumitu otsailaren 7ra bitarte

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 19a, 18:30

Remírez, Santos Indurain Osasun kontseilariaren eta Elma Saiz Ekonomia kontseilariaren artean

Nafarroako Gobernuak murrizketa neurri gehiago hartu ditu gaur. Larunbatetik aitzinera ezin izanen da kontsumitu ostatu, kafetegi eta jatetxeetako barnealdean, salbuespenak salbuespen, baina bai terrazetan. Alabaina, ostalaritza laguntzeko, bertze 10 milioi euro arteko laguntzak onartuko dituzte. Neurri berri hauek larunbatetik aitzinera sartuko dira indarrean eta, oraingoz, otsailaren 7ra bitarte iraunen dute.

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak, Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak eta Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun sailburuak egin dute agerraldia gaur arratsaldean, Covid-19aren hedapena geldiaraztea helburu duten neurri berriak azaltzeko. Izan ere, Nafarroan gora egin du positiboen kopuruak. Atzo 239 positibo atzeman zituzten, kopururik altuena azaroaren 8az geroztik. Positibotasun tasa, aldiz, %8,8koa da. Gainera, erietxeetan ere geroz eta ospitaleratu gehiago daude. Momentu honetan, Nafarroako ospitaleetako gela arruntetan 124 pertsona daude eta 16 ZIU zainketa intentsiboetako unitatean.

Salbuespenak

Itxiera agindutik kanpo gelditzen dira hoteletako jantokiak. Hauetan, ostatu hartuta dauden pertsonei bakarrik ematen ahalko diete janaria, betiere osasun neurriak betetzen badira eta gehienez ere 6 lagun mahaiko. Salbuetsita egonen dira ere gizarte eta osasun zentroen, eskola eta unibertsitate jantokien, enpresako jantokien eta gizarte izaerako jantokiko zerbitzuak.

Salbuetsita dauden establezimenduen artean daude baita, errepideko geltokietan dauden establezimenduak (hirigunetik kanpo eta Nafarroako errepide nagusietan) bezero gisa bidaiariak nahiz garraiolariak dituztenak, betiere, bost trailer kamioirentzako aparkalekua badute eta bazkariak edo afariak ematen badituzte.

Neurri berri hauen indarraldia urtarrilaren 23tik otsailaren 7ra bitartekoa izanen da, biak barne, eta egoera epidemiologikoaren bilakaeraren arabera aldatu edo luzatu ahal izanen dira.

10 milioi euro arteko laguntzak ostalaritzarako

Osasun arloko neurriekin batera, Nafarroako Gobernuak ostalaritza sektoreari 10 milioi euro arteko laguntza ekonomikoa emanen diola iragarri du.
 Pandemiaren eraginak gehien kaltetutako sektoreetako bati laguntzen segitzeko asmoz eratu da ekimen hau, eta bat egiten du orain arte ekonomia eta zerga arloan hartutako neurriekin. Jarduera horien artean daude zerga-gerorapenak eta pizgarriak abian jartzea, eta joan den abenduan gauzatu zen 20 milioi eurorainoko laguntzen deialdia egitea.

Elma Saizek aurreratu du laster iragarriko dituztela laguntza horien baldintzak eta ezaugarriak. Deialdia datorren otsailean argitaratuko dute Nafarroako Aldizkari Ofizialean.


Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun