COVID-19: Azken datuak

Zortzi positibo gehiago azken datuen arabera: hiru Malerrekan, bi Baztanen, bi Leitzan eta bat Bortzirietan

Berako zahar etxean atzo egoiliar guztiek hartu zuten Pfizer txertoaren lehen dosia

Gaur publiko egin dituzten datuen arabera, zortzi positibo gehiago erregistratu dituzte gure lurraldean: hiru Malerrekan (Ituren +1, Doneztebe +1 eta Sunbilla +1), bi Elizondon, bi Leitzan eta bat Bortzirietan (Bera +1). Nafarroa osoko azken datuei erreparatuta, positibotasun tasa %8,8koa da eta Covid-19agatik gaixotuta ospitalean 163 pertsona zeuden (16 ZIUn). Atzeman zituzten 239 kutsatuen batez bertzeko adina 41,8 urtekoa da. Covid-19aren ondorioz martxoaz geroztik Nafarroan hildakoen kopurua 996koa da. 

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 350 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 514 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 241 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 358 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, urtarrilak 18, 2.724 proba egin zituzten (1.464 PCR eta 1.260 antigeno proba) eta horietatik 239k positibo eman zuten (%8,8)

Covid-19ak jota, atzo, urtarrilak 18, 20 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, 2 ZIUn, eta 1 hildakoren berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 163 daude ospitalean, horietatik 16 ZIUn.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %60, Tuteran %11 eta Lizarran %11. Gainerako positiboak (%18) Nafarroako bertze eskualde batzuen artean daude banatuak.
Txertaketa-planari dagokionez, Nafarroan 13.492 pertsona txertatu dituzte atzoko egunera arte. Atzo, urtarrilak 18, 1.529 txerto paratu zituzten.
 

Adin-tartekako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusiak dira 15-29 urtekoak (%29) eta 45-59 urtekoak (%24). Ondotik, 30 eta 44 urte bitarteko taldeak daude (%15), eta hamabortz urtetik beheitikoak eta 75 urtetik goitikoak (%11). Azkenik, 60 eta 75 urte bitarteko taldea, %10arekin. Positibo berrien batez bertzeko adina 41,8 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 50 emakumeak dira eta % 50 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 45.497 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 996koa da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun