Nafarroako Gobernuak hartutako bertze neurrien luzapena berretsi du auzitegiak, baina ez du hala egin ostalaritzeko terrazetan erretzea debekatzeko erabakiarekin. Auzitegiaren arabera, gobernuak debeku hori indarrean sartzeko txosten espezifikorik ez du aurkeztu, eta emandako arrazoiak «ez dira nahikoak osasun publikoaren ikuspegitik beharrezko neurria den edo ez erabakitzeko». Horrekin batera, «gobernuak bilakaera epidemiologikoari buruz datuak bakarrik aurkeztu dituela» gaineratu du, eta ez dagoela ad hoc txostenik. «Ez da aski neurria beharrezkoa eta proportzionala den ebazteko». Gisa berean, aginduak «herritarren oinarrizko eskubideak gehiago mugatzen dituela» uste du.