Koronabirusa

Nafarroako Gobernuak ostatuak 21:00etan ixteko agindua eman du

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 13a, 13:56

Nafarroako Gobernuak eguerdian jakinarazi ditu ortzegunetik aitzinera indarrean sartuko diren neurriak. Horien arabera, ostalariek 21:00etan itxi beharko dituzte ostatuak eta jatetxeak, terrazetan erretzea debekatuko dute eta merkataritza-gune ertain eta handien gehienezko edukiera %30era murriztuko dute.

Javier Ramirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak «guztiz aste erabakiorrak» heldu direla adierazi du eta Covid-19aren hedapena ikusita erne ibiltzeko eskatu du. Hain zuzen, gaitzaren hedapena geldiarazteko hartu dituzte neurriak. Ostatu eta jatetxeak ixteko ordua 22:00etatik 21:00etara aitzineratzearekin batera, terrazetan ezin izanen da erre. Karrikan mugimenduan erretzea ere debekatua izanen da, eta geldirik eta bi metroko segurtasun tartea bermatuz bakarrik erre ahal izanen da.

Gainerakoan, etxeratze agindua, berriz, 23:00etatik 06:00etara mantenduko dute eta Nafarroaren itxiera perimetralari ere eutsi die. Horrez gain, gehienez sei lagun biltzen ahalko dira, eta gehienez bi bizikidetza-unitatekoak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun