COVID-19: Azken datuak

Hamar positibo gehiago azken orduetan: lau Bortzirietan, hiru Baztanen, bi Malerrekan eta bat Leitzan

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 13a, 07:45

Atzo, urtarrilak 12, behin betiko datuen arabera Nafarroan 195 positibo atzeman zituzten

Gaur publiko egin dituzten datuen arabera, hamar positibo gehiago erregistratu dituzte gure lurraldean: hiruna Beran eta Iruritan, bi Sunbillan eta bana Lesakan eta Leitzan. Nafarroa osoko azken datuei erreparatuta, positibotasun tasa %8koa da eta Covid-19agatik gaixotuta ospitalean 129 pertsona zeuden (13 ZIUn). Atzeman zituzten 195 kutsatuen batez bertzeko adina 47,2 urtekoa da. Covid-19aren ondorioz martxoaz geroztik Nafarroan hildakoen kopurua 983koa da.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 336 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 504 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 237 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 352 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, urtarrilak 12, 2.436 proba egin zituzten (1.690 PCR eta 746 antigeno proba) eta horietatik 195ek positibo eman zuten (%8)

Covid-19ak jota, atzo, urtarrilak 12, 8 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, 0 ZIUn, eta 2 hildakoren berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 129 daude ospitalean, horietatik 13 ZIUn.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %47, Tuteran %15 eta Lizarran %7. Gainerako positiboak (%31) Nafarroako bertze eskualde batzuen artean daude banatuak.
Txertaketa-planari dagokionez, Nafarroan 7.461 pertsona txertatu dituzte atzoko egunera arte. Atzo, urtarrilak 12, 866 txerto paratu zituzten.
 

Adin-tartekako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusiak 30 eta 44 urte bitartekoak dira (%23), eta 45 eta 59 urte bitartekoak (%22). Ondotik, 15 eta 29 urte bitarteko taldea, %20; eta 75 urtetik goitikoena, %17. Azkenik, 15 urtetik beheitikoak daude (%10) eta 60tik 75era bitartekoak (%8). Positibo berrien batez bertzeko adina 47,2 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 56 emakumeak dira eta % 44 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 44.255 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 983koa da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun