Koronabirusa

Protokoloetan aldaketarik egin gabe itzuli dira ikastetxera ikasle eta irakasleak

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 12a, 11:00

Lehen hiruhilekoan protokoloek «ongi funtzionatu» dutela adierazi du Nafarroako Gobernuak. Horrekin batera, «norbera zaintzeko, kutsadurei aurre egiteko eta ikasgelak konfinatzea saihesteko» hainbat ohar oroitarazi ditu.

Eguberrietako oporrak bukatuta, atzo, astelehena, itzuli ziren ikastetxera eskualdeko dozenaka eta dozenaka ikasle eta irakasle, Covid-19a dela lehendik egindako protokoloetan aldaketarik egin gabe. Hala, irailean ikasturtea hasi zutenean bezala, bizikidetza-talde egonkorrak mantendu beharko dituzte ikastetxeetan, baita higiene neurriak ere, hala nola, maskararen erabilera eta guttieneko distantzia DBHn, Batxilergoan eta Lehen Hezkuntzan.

Nafarroako Gobernuaren arabera, «Hezkuntza Departamentuak diseinatu eta ikastetxeek beren ezaugarrietara egokitutako prebentzio eta antolaketa-protokoloek ongi funtzionatu dute eta ikasturteko lehen hiruhilekoan birusaren hedapen handiagoa saihestu dute». Horrekin batera, «hezkuntza-eragile guztiek neurri horiek hartzen jarraitzeak garrantzi berezia» duela nabarmendu du Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak.

Gisa berean, «norbera zaintzeko, kutsatzeari aurre hartzeko eta ikasgelak konfinatzea saihesteko», zenbait egoeratan «eskolara ez joatea garrantzitsua» dela azpimarratu du. Sukarra, eztula, ondoeza, usaimena eta dastamena galtzea, buruko edo eztarriko mina edo beherakoa izanez gero eskolara ez joateko eskatu du gobernuak, eta «PCR baten edo Covid-19aren bertze proba bat egiteko edo emaitzaren esperoan izanez gero ere» eskolara ez dela joan behar ohartarazi du. Koronabirusa tarteko isolamenduan edo berrogeialdian daudenei ere ez joateko eskatu diete gobernutik.

12 urtetik beheitikoen kasuan, eurekin bizi den norbaitek Covid-19aren sintomak baldin baditu edo PCR proba edo Covid-19aren proba bat egitekoa baldin badu edota emaitzaren esperoan baldin badago, eskolara ez joateko ere eskatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun