Koronabirusa

Azken bi egunotan 567 txerto paratu dituzte Baztango bi zahar etxeetan

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 9a, 09:30

MarĂ­a Romero, Benito Menniko erizaina, txertoa zentroko langile bati ematen. Argazkia: Benito Menni zentro psikogeriatrikoa.

Egoiliarren eta langileen artean, 567 pertsonek hartu dute dagoeneko Covid-19ren kontrako txertoaren lehen dosia Elizondoko Francisco Joaquín Iriarte zahar etxean eta Benito Menni ospitale-zentroan.

Ana Ariztegi Etxenikek, Osasunbideko Zainketa Asistentzialetarako eta Etxeko Arretarako Zerbitzuburuak Ttipi-Ttapari jakitera eman dizkion datuen arabera, 567 txerto paratu dituzte ilbeltzaren 7an eta 8an.

Fco. Joaquin Iriarte
Egoiliarrak: 132
Langileak: 102

Benito Menni
Egoiliarrak: 158
Langileak: 175

Gehien gehienek txertoa jartzea onartu dute

Fco. Joaquin Iriarte zahar etxeari dagokionez, «egoiliar gehienei paratu diete txertoa. Gaur egun zentroan dauden 132 xaharretatik 13k bakarrik baztertu zuten txertoa, eta horietako lauri ezin zitzaien txertoa paratu bertze arrazoiengatik». Lehen dosia hartu ondotik, hemendik hiru astera, urtarrilaren 28an emanen diete bigarren dosia.

Benito Menni zentroko arduradunek adierazi dutenez, «ilusioz hartu dugu txertoa, koronabirusarekin ez kutsatzeko garrantzitsua delako». Era berean, «txertatutako pertsona guztien erantzukizuna» azpimarratu dute, «gure zentroaren segurtasuna areagotzeko» bidean funtsezkoa delako. Benito Benni Ospitalearen kasuan, bigarren dosia urtarrilaren 29an hartuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun