Irache Kontsumitzaileen Elkarteak urte berrian aurrezteko zenbait aholku plazaratu ditu

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 6a, 13:00

Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak urte berriari ekiteko familiei gastuak murrizten laguntzeko neurriak proposatu ditu. Kasu batzuetan, 2.000 eurotik goitiko aurrezkiak lor daitezke, baina kontuan hartu behar da aholku hauek orokorrak direla, eta hauen eraginkortasuna etxe bakoitzaren araberakoa dela.

Argia eta gasa

Gas eta argi horniduran 1.000 euro aurreztu daitezke kontsumitzailearen erabilerara egokitzen den tarifa hautatzen bada.

Aseguruak

Kontratatutako etxe aseguruak gastu garrantzitsu bat dira. Kasu anitzetan, kontsumitzaileek ez dituzte aseguruen baldintzak eta estaldurak ezagutzen. Anitzetan ez da beharrezkoa ibilgailua arrisku orotara aseguratuta izatea edo etxeko aseguruak komunitateren estaldurak ez bikoiztea egiaztatzea komeni da. Adibidez, ibilgailu bat hirugarrenentzako aseguratzeak  239 eurotik 518 eurora bitarte kostatua du. Arrisku orotarako polizan, berriz, gastua 571 eurotik 2.071 eurorakoa izan daiteke.

Internet eta telefonoa

Gero eta etxe gehiagok telefonoa, Interneta eta, kasu batzuetan, telebista zerbitzua konbinatzen dituen tarifa. Sektore honetako lehia izugarria da, hortaz, eskaintza berriak etengabe ateratzen dira. Horregatik, eskaintza on bat aukeratzeak aurrezki handia ekar dezake.
Nolanahi ere, kontratazio-baldintzak idatziz eskatzea funtsezkoa da, baldintzak arretaz irakurtzea, eta kontratuak barne hartzen dituen zerbitzuak zein diren ziurtatzea.

Elikagaien erosketak

Elikagaien erosketetan prezioak konparatuz, eskaintzak hautatuz edo formatu egokiak aukeratuz dirua aurreztea lortu daiteke. Irache Kontsumitzaileen Elkartearen azken datuek adierazten dutenez urteko etxe bakoitzeko elikagaien batez bertzeko gastua 4.286 eurokoa da. Nolanahi ere, garrantzitsuena etxe bakoitzak bere beharrak asetzeko behar duena erostea da, eta, horretarako, norberaren egoerari egokitutako erosketa-zerrenda egitea komeni da.

Arropa eta oinetakoak

Etxe bakoitzak urtean, bataz bertze, 1.417 euro gastatzen ditu arropa eta oinetakoetan. Bigarren eskuko dendetan arropa zein oinetakoak erostea aukera interesgarria izan daiteke, merkeagoa izateaz gain, ingurumenarekin jasangarria ere bada. 

Autoa

Autoaren erregaia nahiz mantentze lanak etxeko gastu handienetarikoak dira. Mantentze lanek 400 euro inguruko gastua eragin dezake urtean, ibilgailuaren bizitzan egiten diren konponketak eta ordezko piezak kontuan hartuta. Horregatik, garrantzitsua da ibilgailuaren egoera ezagutzea eta kalitatea eta prezioa egokiak dituen tailerra aukeratzea. Irache Kontsumitzaileen Elkartearen azterketaren arabera, aukeratutako tailerraren arabera 120 euro aurrez daitezke ibilgailua azterketan.

Bidaiak aitzinetik antolatzea

Bidaia garaiz planifikatzea, konpainia aukeratzea edo bidaia astetartez egitea oporraldiaren gastua merkeagoa da. Hegaldien prezioa hilabetearen eta egunaren araberakoa da. Irache Kontsumitzaileen Elkarteak eginiko inkesta baten arabera, bezeroen %71k bidaiak hilabete batzuk lehenago antolatzen ditu. Kontuan hartu behar da, batez bertze, nafarrek 600 euro inguru gastatzen dituztela bidaietan.

Bankuko gastuak

Bankuek kobratzen dituzten karguak libreak dira eta bezeroak ez ditu beti ezagutzen. Adibide bat jartzearren, kontu korronte bat eta dagokion txartela edukitzeagatik, banku batek urtean 290 euro kobratu ditzake eta bertze batek, zerbitzu bera, doan eskaini dezake. Mailegu pertsonalen edo hipoteka-maileguen kostuan, berriz, aldea nabarmenagoa izan daiteke.

Gastuen plangintza

Etxeko gastuak kalkulatzeko egiten diren gastuen kontrol bat izatea hagitz erabilgarria izan daiteke. Egiten diren gastuen artean gastu finkoak, aldakorrak eta ustekabekoak bereiztea komeni da. Erakunde batzuek etxeko urteko gastuak ahalik eta hobekien banatzeko eta kudeatzeko aplikazioak eta tresnak eskaintzen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun