Irache Kontsumitzaileen Elkarteak 2020an egin diren kontsulta ohikoenak plazaratu ditu

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 20a, 13:00

Urtean osoan Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak mota guztietako gaiei buruzko milaka kontsulta eta erreklamazio hartu ditu. 

2020an hauek izan dira kontsulta ohikoenak:

Hegaldia bertan behera

Alarma-egoeraren eraginez hainbat hegaldi bertan behera gelditu dira, eta bezero anitzek Irachera jo dute honen inguruko informazio bila. Era guztietako hegaldiak bertan behera gelditu dira, bai estatu barnekoak, bai Europakoak, baita munduko bertze leku batzuetakoak ere. Kaltetuei, kasu gehienetan, hegaldia bertze data batzuetan egiteko aukera eskaini zitzaien, eta ez zitzaien txartelen dirua berreskuratzeko eskubideaz jakinarazi. 

Hortzetako tratamendua erdizka egina

Hortz-kliniketako bezeroek maiz egin dituzte beraien eskubideen inguruko kontsultak, eta, batez ere, Dentix konpainiaren bezeroak izan dira erreklamazio gehien egin dituztenak. Bezeroak enpresarekin harremanetan jartzea lortu zutenean, kasu batzuetan, hitzordua eman zieten, baina gero tratamenduan ez zuten aitzinera egin. Egoera horretan, kaltetuak hortzik gabe edo bertzelako tratamenduetan prozesu erdian geratu dira, horrek dakartzan ondorio guztiekin: kalte estetikoak, mota guztietako elikagaiak jateko zailtasunak eta eragozpenak...

Telefono konpainiaz aldatzerakoan sortzen diren arazoak

Telefono-konpainian aldaketak erraz egin beharko lirateke, baina, zoritxarrez, ez da beti horrela izaten. Bezero anitzek konpainiaz aldatu eta handik hilabete batzuetara 100 edo 150 euroko kargua ikusi zuten aitzineko konpainiaren aldetik. Dirudienez, gehigarri bat kobratu zieten konpainiaz aldatzeagatik, baina gehigarri hau ez dago beti justifikatuta.

Berrikuntza lanak eraikinetan

Irache Kontsumitzaile Elkartera berritze- edo birgaitze-lanak egin nahi dituzten bizilagun edo partikular anitz joaten dira egin dezaketenaren inguruko informazioa jasotzera. Galdera ohikoen artean daude: zenbat bizilagunek babestu eta onartu behar dituzten obrak, zer ordaindu behar duen bizilagun bakoitzak edo, etxebizitza partikularren kasuan, zer urrats eman behar dituzten lanak onartu aitzinetik. 

Zoru klausula eta hipoteka gastuak

Bezero anitzek hipoteka-maileguan zoru-klausula ote duten jakiteko Irache Kontsumitzaile Elkartera jo dute laguntza eske. 

Bigarren eskuko ibilgailuak

Bigarren eskuko ibilgailuen erosle anitzek ibilgailuan ezagutzen ez zituzten arazoak aurkitu dituzte. Kasu batzuetan, 2.000 eurotik goitiko konponketak ordaindu behar izan dituzte. Egoera guztiz ezberdina da ibilgailua partikular bati edo establezimendu batean erosi bada. Partikularren kasuan, saltzerako momentuan ezkutuko akatsak zeudela frogatu behar da. Establezimendu batean erosten bada, kontsumo-ondasunen bermea aztertu behar da.

Argi eta gas horniduren baldintzen aldatzea

Oro har, kontratuek urtebeteko iraupena dute, eta, bezero zein enpresak arazorik ez badute, bertze urtebete luzatu daiteke. Tamalez, bezero anitz, lehen urte hau igaro eta hilabete batzuetara konturatu dira faktura goititu dietela.

Alokairua: nork ordaindu behar ditu konponketak?

Maizterrek nahiz jabeek maiz egiten dituzte alokairuei buruzko kontsultak. Normalean, arazo gehien hondatutako garbigailua, ontzi-garbigailua edo galdara nork ordaindu behar duen jakiteak eragiten ditu. Bertze ohiko kontsultetako bat, urtez urteko errenta goititu ahal dioten jakitea izaten da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun