Koronabirusa

Covid-19aren bilakaera epidemiologikoa ikusita, Nafarroako Gobernuak gogortu egin ditu urte amaierarako aurreikusitako neurriak

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 26a, 15:00

Urtezahar gauean etxeratzeko agindua 23:00etan mantenduko da eta familia bilkurak gehienez sei lagunekoak izanen dira. Nafarroan sartu eta Nafarroatik ateratzeko baimenak ere bertan behera utzi dituzte.

Hasiera batean aurreikusitako neurrien gogortze hori lehendakariak emanen duen foru dekretu batean zehaztuko da. Foru dekretu hori astelehenean argitaratuko dute Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Bertzalde, ostalaritzako, merkataritzako, ikuskizunetako, egoitzetako eta kirol-praktiketako kopuruei eta mugei buruzko araudia aldaketarik gabe mantenduko dute.

Osasun Departamentuak antzeman du Covid-19 kasuen kopuruak gora egin duela azken egunetan, eta «kezkagarriagoa dena, goranzko joera argi eta nabaria» dela. Horrela, 14 egunetan metatutako intzidentziak abenduaren 11n izan zuen kopururik apalena, 100.000 biztanleko 179 kasurekin. Abenduaren 24an jada 190ekoa zen intzidentzia eta larunbatean, abenduak 26, 200 kasu ingurukoa 100.000 biztanleko.

Adierazle epidemiologikoek okerrera egin dutenez, Nafarroako Gobernuak, osasun-arduradunek proposatuta, ezabatu egin ditu urte amaierarako aurreikusitako salbuespenak, kutsatzeko arriskua «ahalik eta gehien» murrizteko eta «Gabonen bueltan pandemia-olatu berri bati aurrea hartzeko».

Hirugarren olatuak, Osasun Departamentuaren arabera, «ondorio latzak» izan ditzake giza bizitzetan, osasun sisteman eta bertze behar eta patologia batzuen arretan, eta ondorioak ekonomian eta bizitza sozialean. Nafarroako egoerak okerrera egiteak «negozioak berriro ixtea, edukiera murriztea eta gainditutako murrizketetara itzultzea» ekarriko lukeela ahaztu gabe.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun