Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 320 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 483 Elizondoko eremuan (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 232 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 327 Bortzirietan.
Nafarroa osoko datuei dagokionez, herenegun, abenduak 23, 1.949 proba egin zituzten (1.162 PCR eta 787 antigenoen proba) eta horietatik 124k positibo eman zuten (%6,4)
Covid-19ak jota, herenegun, abenduak 23, 5 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, 2 ZIUn, eta 3 hildakoren berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 120 daude ospitalean, horietatik 18 ZIUn.
Adin-tartekako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusia 45 eta 59 urte bitartekoa da (%27), eta atzetik 60 eta 75 urte bitartekoa (%25). Ondotik, 30-44 urteko taldea (kasuen %17) eta 15-29 urteko tartea (%14). Azkenik, hamabortz urtetik beheitikoak daude (%9), eta 75 urtetik goitikoak (%8). Positibo berrien batez bertzeko adina 48 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 58 emakumeak dira eta % 42 gizonak.
Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 41.739 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 953koa da.