Zein izanen da txertaketaren ordena?
Lehen etapa, urtarriletik martxora, lau lehentasun-taldetan banatuko da:
- taldea. Adinekoen eta mendekotasun handia duten egoitzetako egoiliarrak eta horietan lan egiten duten osasun eta gizarte langileak.
- taldea. Lehen mailako langileak osasun eta gizarte arloan.
- taldea. Gainerako osasun edo gizarte langileak.
- taldea. Mendekotasun handia duten pertsonak (III. gradua).
Martxotik aitzinera, lehentasunezko lau taldeak bete ondotik, populazioaren txertaketarekin hasiko lirateke.
Dosi bat edo bi emanen dira?
Txertoaren kasuan, bi dosi dira. Lehen dosia eman eta handik 19 - 23 egun bitarteko epean emanen da bigarren dosia.
Covid-19a pasatu dut. Hala ere, txertoa jarri behar dut?
Gaur egungo ebidentziek erakusten dute kutsatutako pertsona gehienek antigorputz neutralizatzaileak sortzen dituztela. Hala ere, oraindik informazio guti dago zenbait alderdiri buruz, hala nola berrinfekzioak gertatzeko aukerari eta ezaugarri klinikoei buruz, infekzioaren ondotik oroimenaren erantzun immunea izateko aukerari buruz, kutsatzeko arriskuari buruz edo infekzio naturalaren ondotik immunitateak duen iraupenari buruz. Berrinfekzio dokumentatua duten kasuen kopurua arras urria den arren, oraindik ez dago argi zein portzentajetan dauden babestuta infekzioa izan zutenak eta zenbat denboraz.
Infekzio naturalak eragindako immunitatearen funtsezko alderdiei buruzko ziurgabetasun handia dagoenez, zentro soziosanitarioetan dauden pertsona guztiei eta horietan lan egiten duten langile guztiei txertoa jartzea gomendatzen da, gaixotasuna igaro duten ala ez kontuan hartu gabe.
Pertsona horietakoren batek gaixotasuna berriki igaro badu eta isolamendu-aldian baldin badago, aldi hori amaitu eta alta epidemiologikoa hartu bezain laster hartuko du txertoa. Era berean, Covid-19 kasu baten kontaktu estua izateagatik berrogeialdian dauden pertsonen kasuan, txertaketa atzeratu eginen da berrogeialdia amaitu arte.
Txertoa jartzea borondatezkoa da?
Bai. Norbanakoek laguntzeko duten betebeharrari kalterik egin gabe, txertaketa borondatezkoa izanen da.
Txertoak Covid-19a eragin dezake?
Ez, txertoak ezin du Covid-19a gaixotasuna eragin txertoa jasotzen duen pertsonarengan, txertoak birusaren zati bat bakarrik daukalako, infektatzeko gaitasunik gabe (ez du birus bizirik, ezta bere material genetiko osoa ere).
Noiz funtzionatzen du babesak?
Txertoaren babes optimoa bigarren dosia jaso eta 7 edo 14 egunera lortzen da, prestakin komertzialaren eta fitxa teknikoko datuen arabera, baina, bertze edozein sendagai edo txertok bezala, baliteke txertoa hartu duten guztiak ez babestea. Covid-19 taldearen aurkako txertoak murriztu eginen du pertsona batek SARS-CoV-2 birusa kutsatzeko duen arriskua.
Baina, benetan babesten du?
Entsegu klinikoetan dozenaka mila lagunek hartu dute parte, eta eskura dauden azterketetan ikusi da txertoa hartu zuten pertsonek babes handia dutela gaixotasunaren aurrean. Europako Batzordeak, Sendagaien Europako Agentziak egindako ebaluazioa ikusi ondotik, txertoaren segurtasuna eta eraginkortasuna egiaztatzen ditu.
Txertoa hartu ondotik, prebentzio-neurriak hartzeari utz diezaioket?
Ez. Txertoa jarri zaien pertsonek prebentzio neurriak hartzen segitu beharko dute transmisioa murrizteko (eskuak garbitu, maskara erabili eta pertsonen arteko distantzia zaindu).
Bertze txerto batzuekin konparatuz gero, ondorio kaltegarri gehiago ditu?
Sendagai guztiek bezala, txertoak albo-ondorioak izan ditzake. Gehienak arinak eta iraupen laburrekoak dira, eta ez dira beti agertzen. Kontrako ondorio ohikoenak normalean erabiltzen eta gomendatzen diren txertoen antzekoak dira, txertaketa-egutegien parte baitira. Horregatik, egungo ebidentzia zientifikoen arabera, txertoa hartzea onuragarria da txertoa hartzen duen pertsonarentzat, bai eta gizarte osoarentzat ere.
Txertoa jartzeko baimena eskatuko al da?
Adostasuna ahozkoa izanen da, erabakiak hartzeko gaitasunik ez duten pertsonen kasuan izan ezik. Kasu horietan tutoreak/familiak erabakiko du. Ahozko baimenarekin nahikoa izan arren, idatziz egitea gomendatzen da eta, horretarako, testu eredu bat banatuko da.