COVID-19: Azken datuak

Atzo bi positibo atzeman zituzten gure lurraldean: biak Leitzan

Ttipi-Ttapa 2020ko abenduaren 23a

Atzo, abenduak 22, behin betiko datuen arabera Nafarroan 70 positibo atzeman zituzten.

Osasun agintariek gaur publiko egin dituzten datuen arabera, bi positibo gehiago atzeman dituzte gure lurraldean: biak Leitzan. Nafarroa osoko azken datuei erreparatuta, positibotasun tasa %3,3koa da eta Covid-19agatik gaixotuta ospitalean 127 pertsona zeuden (17 ZIUn). Atzeman zituzten 70 kutsatuen batez bertzeko adina 43,1 urtekoa da. Covid-19aren ondorioz martxoaz geroztik Nafarroan hildakoen kopurua 950ekoa da.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 320 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 482 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 232 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 327 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, abenduak 22, 2.103 proba egin zituzten (1.477 PCR eta 626 antigenoen proba) eta horietatik 70ek positibo eman zuten (%3,3)

Covid-19ak jota, atzo, abenduak 22, 5 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, 1 ZIUn, eta 2 hildakoren berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 127 daude ospitalean, horietatik 17 ZIUn.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %68, Tuteran %14 eta Lizarran %7. Gainerako positiboak (%11) Nafarroako bertze eskualde batzuen artean daude banatuak.
 

Adin-tartekako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusiak 30 eta 44 urte bitartekoak dira (%30) eta 60 eta 75 urte bitartekoak (%22); atzetik datoz 15 urtetik beheitikoak (%16). Ondoren, 45 eta 59 urte bitarteko taldea (kasuen %15) eta 15-29 urteko tartea (%12). Azkenik, 75 urtetik gorakoen taldea dago (%5). Positibo berrien batez bertzeko adina 43,1 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 51 emakumeak dira eta % 49 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 41.615 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 950ekoa da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun