COVID-19: Azken datuak

Eskualdeko osasun zentroek ez dute azken orduetan positibo gehiagoren berririk eman

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 16a, 07:32
Atzo, abenduak 15, behin betiko datuen arabera Nafarroan 93 positibo atzeman zituzten.

Osasun agintariek gaur publiko egin dituzten datuetan ez da gure lurraldeko herri bakar bat ere ageri. Nafarroa osoko azken datuei erreparatuta, positibotasun tasa %5ekoa da eta Covid-19agatik gaixotuta ospitalean 153 pertsona zeuden (23 ZIUn). Atzeman zituzten 93 kutsatuen batez bertzeko adina 40 urtekoa da. Covid-19aren ondorioz martxoaz geroztik Nafarroan hildakoen kopurua 931koa da. 

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 314 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 475 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 229 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 327 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, abenduak 15, 1.850 proba egin zituzten (1.226 PCR eta 624 antigenoen proba) eta horietatik 93k positibo eman zuten (%5)

Covid-19ak jota, atzo, abenduak 15, 7 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, (2) ZIUn, eta (2) hildakoren berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 153 daude ospitalean, horietatik 23 ZIUn.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %66, Tuteran %12 eta Lizarran %4. Gainerako positiboak (%18) Nafarroako bertze eskualde batzuen artean daude banatuak.
 

Adin-tartekako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusia 45 eta 59 urte bitartekoa da (%35); ondotik, 15 urtetik beheitikoak (%21). Ondotik, 30-44 urteko tartea, %14arekin; eta 15-29 urteko tartea, %12arekin. Azkenik, 60 eta 75 urte bitarteko taldeak daude (%10), eta 75 urtetik goitikoak (%8). Positibo berrien batez bertzeko adina 39,9 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 35 emakumeak dira eta % 65 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 41.049 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 931koa da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun