Bertsolari Txapelketa Nagusia gibelatzea erabaki dute

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 15a, 18:00
Txapelketa gauzatzeko bermerik ez dagoelako, Bertsolari Txapelketa Nagusia gibelatzea erabaki dute.

2021eko irailean hastekoa zen Bertsolari Txapelketa Nagusia gibelatzea erabaki du Bertsozale Elkarteak eta, momentuz, ez du zehaztu noiz izanen den.

Heldu den irailean hasiko litzateke 2021eko Bertsolari Txapelketa Nagusia, egoera ohikoa balitz. Baina, antolatzaileek adierazi bezala, «ohikotik guti du egoerak, eta nekez betetzen dira txapelketa behar bezala gauzatzeko baldintzak».

Pandemiaren hedapena saihesteko neurrien eraginez, bertso saio anitz bertan behera geratu dira, eta bertso-eskolek zailtasunak dituzte normaltasunez aritzeko. Gaineratu dutenez, «orain pentsaezina den jende multzoa elkartzen duen kultur ekitaldia da txapelketa, eta, osasun irizpideak aintzat hartuz, gerta liteke momenturen batean parte-hartzaileren bat parte hartu ezinik geratzea. Hasi eta buka, txapelketa gauzatzeko bermerik ez dago».

Era berean, 2021eko lehen hilabeteetan egitekoak diren Arabako eta Nafarroako bertsolari txapelketak gibelatuko zituztela iragarri zuten orain aste batzuk.

Horrenbertzez, lurralde horietako txapelketak ez ezik, lurralde horietan jazotakoa aintzat izaten duen Txapelketa Nagusia ere gibelatzea erabaki dute, data berririk zehaztu gabe. Data pandemiaren bilakaeraren eta bertsolaritzaren egoeraren arabera erabakiko dute. 

Plaza biziberritzeko ekimen gehiago

Hala ere, gogotsu adierazi dute «bertsolaritzaz gozatzeko guneak bultzatzen eta antolatzen jarriko dugu indarra urte berrian ere». Beti ere «bertsolaritzan ari garenon artean osasun neurriekin bat datozen protokoloak adostuz gero, kultura eta bertsolaritza bizigarriak direla» aldarrikatuz.

Horregatik, «herriz herriko bertso-eskolen eta antolatzaileen lana balioan jarri eta plaza sustatzeko ekimena» hurrengo egunetan plazaratuko dute. 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun