Navarra Sumak euskararendako aurreikusitako dirulaguntzak nabarmen murriztea nahi du

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 14a, 20:30
María Jesús Valdemoros eta Javier Esparza (Navarra Suma).

2021eko aurrekontuei alderdiek egin dizkieten zuzenketak ari dira eztabaidatzen aste honetan Nafarroako Parlamentuko Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean. Navarra Sumak proposatu dituen 260 zuzenketetatik 253tan gastua handitzea eskatzen dute. Bakarrik 7 zuzenketatan proposatu dute aurrekontuko gastua murriztea eta horiek guztiak euskararen sustapenarekin zerikusia dute.

Navarra Sumak euskara sustatzeko 2021eko aurrekontua 2,9 milioi murriztea proposatu du, hau da, Euskarabideak datorren urtean euskara sustatzeko izanen duen 6 milioiko aurrekontua erdira murriztea.

PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak elkar hartuko dute euren zuzenketak aitzinera ateratzeko eta Nafarroa Sumak aurkeztu dituen 260 zuzenketak errefusatzeko.
Zehazki, Navarra Sumak helduei euskara irakasteko funtsak 450.000 euro murriztea proposatu du. Komunikabideetan euskara sustatzeko laguntzak ere kopuru berean murriztearen alde egin du (800.000 euro daude aurreikusiak). Eta herri-administrazioetan euskara zabaltzeko partidak (25.000 euro), hizkuntza-aniztasuna sustatzeko partidak (30.000 euro) edo administrazioko hizkuntza-aniztasunarena (85.000 euro) hutsean uztea proposatu du. Horiez gain, Euskaltzaindiarekin sinatutako hitzarmena murriztea, merkataritzan eta enpresan euskara sustatzeko partida 80.000 eurotan murriztea eta euskararen aldeko sentsibilizazioa eta sustapena 300.000 euro murriztea ere proposatu du koalizio eskuindarrak. Halaber, udal eremuan euskara garatzeko programa 300.000 eurotan murriztea proposatu du. 2021eko aurrekontuetan partida hori 800.000 eurokoa izatea aurreikusia da.
 
Horrela, Navarra Sumak Parlamentuko Ekonomia eta Ogasuneko Batzordera eraman dituen 260 zuzenketetatik zazpi baino ez daude partida eraginkorretan gastua murriztea proposatzen dutenak. Horietatik sei Euskarabideari dagozkio. Zazpigarrenak Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitalaren Sailari eragiten dio. Udako Euskal Unibertsitatearekin sinatutako hitzarmeneko 30.000 euroak kentzea proposatu du Navarra Sumak, «Nafarroako Unibertsitateen» udako ikastaroetara bideratzeko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun