Iker Vicentek jantzi du txapela. Aizkolari otsagabiarrak 38 minutu eta 48 segundotan amaitu ditu finaleko lanak, Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarrak baino minutu bat eta hamazazpi segundo lehenago. Bederatzigarren enborra Vicentek Larrañagaren aitzinetik ebaki du. Ordura arte otsagabiarra eta azpeitiarra pare-parean ibili dira, baina bederatzigarren enborra ebakitzean, abantaila atera dio Iker Vicentek Mikel Larrañagari. 50 segundoko tartea lortu du nafarrak eta finala irabazteko nahikoa izan du azken enborretan abantailari eustea. Amaieran, gainera, zertxobait handitu egin dio tartea Vicentek Larrañagari.
Hona hemen sailkapena eta denborak:
- Iker Vicente 38:48
- Mikel Larrañaga 40:05
- Eneko Otaño 41:27
- Jon Irazu 44:31
- Julen Alberdi Txikia IV.a 46:32
- Aitzol Atutxa 49:44