Koronabirusa

Ostatu eta jatetxeak 22:00 arte zabaltzea eta barrenean edukiera %30ekoa izatea proposatu du gobernuak

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 11a, 09:00
Argazkia: Goiena Komunikazio Taldea

Nafarroako Gobernuko ordezkariekin bildu ziren atzo Nafarroako ostalariak eta abenduaren 17tik aitzinera ostatuak zabaltzeko ordutegia 22:00 arte luzatzea eta ostatu barreneko edukiera %30ekoa izatea proposatu die gobernuak. Horrekin batera, lokala aireztatzeko baldintza egokiak eskatu dizkie ostalariei.

Ia bortz asteko itxialdiaren ondotik, joan den azaroaren 26an baimendu zuen Nafarroako Gobernuak ostatu eta jatetxeetako terrazak %100 zabaltzea, mahai bakoitzean lau lagun gehienez eta mahai batetik bertzera bi metroko tarteak zainduz. Heldu den abenduaren 17tik aitzinera, berriz, ordutegia luzatzeaz gain, ostatu barrenean kontsumitzeko aukera proposatu du gobernuak, %30eko edukierarekin.

Bertze aldetik, gobernuak sektorera 20 milioi euroko dirulaguntza bideratuko du negozioak itxita egon diren bitartean izan dituzten galerak arintzen laguntzeko eta ordainketak heldu den astean egiten hasiko direla jakinarazi du. Nafarroako Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak 2.000 dirulaguntza eskaera jaso ditu dagoeneko eta eskaerak heldu den asteartera, abenduaren 15era, arte egiten ahal izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun