Koronabirusa

Nafarroak mugak irekiko ditu abenduaren 23tik 26ra eta 30etik urtarrilaren 2ra

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 11a, 06:30
Foruzainen kontrola Endarlatsako zubian pasa den asteburuan.

Salbuespenezko irekiera da eta bakarrik egun zehatz horietarako dago baimendua. Gainera, Gabon gauean eta Urtezahar gauean etxeratze-agindua 01:30era atzeratu dute.

Eguberriei begira Nafarroak hartu dituen neurrien berri eman du Santos Indurain Osasun kontseilariak ortzegunean, eta argi utzi du «zuhurtziaz» jokatzea dela gobernuaren lehentasuna. Horretarako, pixkanaka arinduko dituzte indarrean dauden neurriak, betiere pandemiaren bilakaerak eta ospitaletan dagoen egoerak hobera eginez gero.

Hartara, aurreikusitakoaren arabera, Nafarroako mugak itxita segituko dute, baina salbuespena eginen dute Eguberrietan, «familiek elkartzeko aukera» izan dezaten. Horretarako, abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra mugak irekiko ditu Nafarroak.

Halere, 23:00etan etxeratzeko aginduari eutsiko diote, Gabon gauean eta Urtezahar gauean salbu. Bi egun horietan, 01:30era arte baimenduko dituzte joan-etorriak.

Gabonetako bilera pribatuak gehienez 10 pertsonakoak izan beharko dute, eta ezin izanen dira etxe berean bizi ez diren bi familiatik gora elkartu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun