Beran eta Elizondon hutsik dauden etxebizitzak identifikatzeko bigarren fasea hasi du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 10a, 17:00

Nafarroako Gobernuak Nafarroako 29 herritan hutsik dauden etxebizitzak identifikatzeko bigarren fasea abiatu du, hutsik dauden etxebizitzen errolda osatzeko. Zehazki, 884 gutun bidali dizkie etxebizitzen jabe diren pertsona fisiko eta juridikoei.

Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiaren bidez, Exekutiboak etxebizitzei buruz duen informazio ofizialarekin alderatu nahi du, eta, dituzten datuak berresten badira, etxebizitza hutsen errolda osatuko da. Errolda osatu ondoren, etxebizitza hauek alokairu-merkatuaren eskura paratzea da helburua.

Proiektuaren lehen fasea ekainean hasi zen. Bigarren fase honetan herri hauetako etxebizitzak aztertuko dira: Lizarra (51 etxebizitza), Barañain (17), Sarriguren (1), Zizur Nagusia (33), Mutiloa (20), Atarrabia (63), Berriozar (20), Cintruenigo (67), Noain (29), Uharte (34), Milagro (37), San Adrian (16), Cortes (25), Lodosa (37), Martzilla (50), Viana (29), Mendavia (13), Beriain (19), Cascante (29), Artika (11), Bera (94), Orkoien (4), Castejón (52), Elizondo (64), Azagra (13), Ayegi (8), Gares (11), Andosilla (12) eta Irurtzun (25).

Pilotu fasea

Lehenengo fasean, hutsik egon zitezkeen 2.638 eraikini buruzko informazioa alderatu zen, ur-kontsumoaren maila kontuan hartuta. Jabeekin harremanetan jarri ondoren, 1.971 etxebizitza huts egiaztatu ziren; 667 titularrek egiaztatu zuten, hainbat etxebizitza okupatuta zeudela. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun