Etxebizitza hutsak detektatzeko Nafarroako Gobernuak duen planaren berri eman die gaur Berako eta Elizondoko alkateei

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 20a, 16:30
Elizondoko karriken ikuspegia Txokoto aldetik

Jose Mª Aierdi kontseilariak etxebizitza hutsak detektatzeko eta alokairua sustatzeko Gobernuak duen politikaren berri eman die gaur Nafarroako 33 alkateei, horien artean Berako eta Baztango alkateak. Foru Gobernuak duen plan pilotuaren bigarren fasea azaldu die gaur, bilera telematiko baten bitartez, plan horretan parte-hartuko duten herrietako alkateei.

Hutsik dauden etxebizitzen errolda egiteko programa pilotuaren bigarren fase honetan sartuko dira Nafarroako 33 herri, horien artean Bera eta Elizondo. Hortik aterako dituzten datuekin, hutsik dauden etxebizitzen errolda egin nahi du Gobernuak eta, gero, Nasuvinsaren Alokairu Poltsa osatu nahi du.

Bileran Jose Mª Aierdi lehendakariordearekin batera, Eneko Larrartek, Etxebizitzako zuzendari nagusiak, eta Fermín Guillormek, Programak Ikuskatzeko eta Zabaltzeko Zerbitzuko zuzendariak, parte hartu dute.

Gobernutik gutuna bidaliko diete etxe hutsak dituzten jabeei

Aierdi lehendakariordeak alkateei jakinarazi dienez, etxebizitzaren bat hutsik duten hamar mila jaberi gutuna bidaliko diete Gobernutik datozen egunetan. Gutun horretan, Foru Gobernuak etxebizitza horien alokairua sustatzeko jartzen dituen neurriak eta pizgarriak azaldu dizkie etxe-jabeei.

Aierdi presidenteordeak aurreratu duenez, «kontraesana da Nafarroan milaka pertsona daudela alokairuko etxebizitzen eskatzaile, eta, aldi berean, etxebizitza huts aunitz daudela, eta etxebizitza horien jabeek, hainbat arrazoirengatik, uko egiten dietela euren etxe hutsak gizarte-behar horren esku jartzeari». Hori dela eta, «tokiko erakundeekin eta mankomunitateekin lankidetzan, etxebizitza horiek detektatu eta alokairu-eskariaren zerbitzura jartzen saiatzera behartuta gaudela» gaineratu du.

Ildo horretan, Jose Mª Aierdik jakinarazi du alokairuko etxebizitzen merkatua suspertzeko bere Departamentuak abian jarri duen ekimenak bi helburu dituela: «batetik, alokairuko etxebizitzen eskari handiari erantzutea eta, bertzetik, hirigintza trinkoagoa eta iraunkorragoa bultzatzea».

Gaurko bilera Aierdi lehendakariordeak udal-arduradunekin eginen dituenetatik lehenbizikoa izan da. Izan ere, bere Departamentuak toki-erakundeekin elkarlanean hainbat proiektu sustatu nahi omen ditu, hala nola eraikinak birgaitzeko eta hiri-berroneratzeko plana (Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planaren barruan dagoena), edota Nafarroako Lurralde Estrategiaren (ETN) berrikuspena, hiri-jasangarritasunaren printzipioak sartzeko, batez ere Hirigintzako planteamenduei eragiten diena.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun