Espainiako Osasun ministroak, Salvador Illak, erran du aurtengo Eguberriak «etxean gelditzeko Gabonak» direla, «zuhurtziaz» jokatu behar dela. Horregatik, bazkaltzeko edo afaltzeko ospakizun egunetan, egun seinalatuetan, gehienez, hamar pertsona elkartzea baimentzen da. «Posible bada, bizikideak diren pertsonak elkartzea litzake onena. Edo, geheinez er, bi familia bizikide».
Abenduaren 24an eta 31n, etxeratze agindua luzatu eginen dute, 01:30era arte. Luzapen hori «norbere etxera itzultzeko baliatu beharko da eta ez festan hor barrena ibiltzeko».
Erkidegoen arteko mugak, itxita
Erkidego baten barruko neurri murriztaileak zenbaterainokoak izanen diren erkidegoek eurek zehaztuko duten arren, adostutako neurrietako bat da erkidegoen arteko konfinamendu perimetralak indarrean egonen direla abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra arte. Bertze erkidego batera joan nahi dutenek, familiarekin elkartzera doazela «egiaztatu» beharko dute. Kasu horietan bakarrik atera ahal izanen dira erkidegotik.
Pilaketarik ez
Era berean, urte bukaeran egoten diren ekitaldi jendetsuak, ahal diren neurrian, saihestu egin behar direla erran du Salvador Illak: Olentzeroren eta Mari Domingiren bisita, San Silbestre lasterketak, urte-zahar gaueko kanpaiak, Errege Magoen desfilea...
Ikasleen itzulera
Kanpoan ikasten dauden unibertsitateetako ikasleek ere izanen dute aukera etxera itzultzeko. Beraien jarduera «burbuiletara edo bizikidetza unitatera» mugatzea aholkatu diete, eta etxera itzuli aurreko hamar egunetan «jarduera soziala etetea».
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!