COVID-19: Azken datuak

Bertze egun batez positibo bakarra atzeman dute gure lurraldean

Atzo, azaroak 30, behin betiko datuen arabera Nafarroan 67 positibo atzeman zituzten.

Azken egunetako joerarekin segituz, atzo ere positibo bakarra atzeman zuten gure lurraldean: Azpilkuetan. Lesakako, Doneztebeko eta Leitzako osasun eremuetan ez du bertze positiborik atzeman. Nafarroako azken datuei erreparatuta, positibotasun tasa %4,6koa zen atzo baina, hala ere, 173 pertsona daude ospitalean (33 ZIUn) eta atzeman zituzten 67 kutsatuen batez bertzeko adina 36 urtekoa da. Covid-aren ondorioz martxoaz geroztik Nafarroan hildakoen kopurua 886koa da.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 304 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 454 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 215 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 313 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, azaroak 30, 1.452 proba egin zituzten (926 PCR eta 526 antigenoen testa) eta horietatik 67k positibo eman zuten (%4,6)

Covid-19ak jota, atzo, azaroak 30, 2 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, 1 ZIUn, eta 9 hildakoren berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 173 daude ospitalean, horietatik 33 ZIUn.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %57, Tuteran %17 eta Lizarran %7. Gainerako positiboak (%19) Nafarroako bertze eskualde batzuen artean daude banatuak.
 

Adin-tartekako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusiak 45 eta 59 urte bitartekoak dira (%30), eta 15 eta 29 urtekoak (%23). Ondotik, 30-44 urteko taldea dago, kasuen %14rekin, eta 15 urtetik beheitikoak eta 75 urtetik goitikoak (%12). Azkenik, 60 eta 75 urte bitarteko tartea,% 9, hurrenez hurren. Kasu berrien batez bertzeko adina 42,9 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 61 emakumeak dira eta % 39 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 39.737 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 886koa da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun