Koronabirusa

Ostalaritzako terrazetan, zer egin daiteke eta zer ez?

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 25a, 20:30

Nafarroako Gobernuak hartu dituen neurri berriek ortzegunean, azaroaren 26an, hartuko dute indarra eta abenduaren 16ra arte egonen dira indarrean.

Zer dagoen baimenduta eta zer ez jakiteko, hona hemen hainbat argibide galdera eta erantzunen bidez:
 
Ireki daitezke ostalaritzako eta jatetxeetako terrazak?
Bai. Ostatu, taberna, jatetxe eta jatetxeetako aire zabaleko espazio publikoetan terrazak irekitzeko baimena ematen da. Establezimendu horien barneko lokalak, aldiz, itxita segituko dute barnean kontsumitzeko.
 
Zer baldintza bete behar dituzte terrazek?

Mahaien arteko distantzia 2 metrokoa izanen da, mahaien izkinetatik neurtuta.

  • Establezimenduen titularrek markak egin beharko dituzte lurrean mahaiak paratu behar diren tokietan, segurtasun tartea errespetatzeko.
  • Mahai bakoitzean ez dira lau pertsona baino gehiago jarriko eta, betiere, pertsonen arteko segurtasun distantzia 1,5 metrokoa izanen da.
  • 80 cm baino gutiagoko aldea edo diametroa duten mahaiek (eta/edo barrikek) gehienez ere bi lagunek okupatu ahal izanen dituzte, eta, edozein kasutan, eserita.
  • Terrazak 21:00etan itxiko dira beranduenez.
  • Debekatuta egonen da terrazetan erretzea, ezin bada 2 metroko segurtasun tartea bermatu.

Elkarrekin bizi garen 5 pertsona gara, elkarrekin kontsumi dezakegu terrazako mahai batean?

EZ. Mahai bakoitzeko pertsona kopurua ez da lau baino handiagoa izanen, berdin da elkarrekin bizi diren ala ez. 80 cm baino gutiagoko aldea edo diametroa duten mahaiak (eta/edo barrikak) gehienez ere bi lagunek okupatu ahal izanen dituzte, eta, edozein kasutan, eserita.

Tabernako edo jatetxeko barran eskatzen ahal dugu eta gero terrazan kontsumitu?

EZ. Ezin da barran eskatu. Ostatu, jatetxe eta jatetxeetako barreneko espazioak itxita egonen dira barnean kontsumitzeko.

Terraza batean kontsumitzen ari garenean, establezimenduko komunak erabil ditzakegu edo makinan tabakoa eros dezakegu?

Bai, segurtasun-neurri guztiak betetzen badira.

Maskararekin egon behar dugu terrazan?

Bai. Kontsumizioa hartzen ari garenean soilik ken daiteke maskara.

Erre daiteke ostalaritzako eta jatetxeetako terraza batean?

Debekatuta dago terrazetan erretzea, ezin bada 2 metroko segurtasun tartea bermatu.

Establezimenduek handitzen ahal dute terrazarako azalera?

Terraza hauen azalera handitzeko aukerak kontuan hartzeko gomendatzen zaie toki entitateei, betiere, mahaien arteko distantzia eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia bermatzen dela segurtatuz.

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun