«Inork ez daki zenbateraino deuseztatzen ahal zaituzten kanpoko batek begiak irekitzen dizkizun arte. Eutsi eta eutsi egiten duzu, berandu izan arte, eta deusetarako balio ez duzula pentsatu eta inork maiteko ez zaituela sentitzeraino». Anek –asmatutako izena da– hitz horiekin azaldu du 20 urtez bere bikotekidea izan zenarengandik jaso duen tratua. Ez du izenik eman nahi izan, baina TTIPI-TTAPAk hartzen duen eskualdekoa da, eta gure herrietako batean sufritu ditu tratu txar psikologikoak, gure eskualdekoa den gizonezko batengandik. Ez da urrutiko kontua, ezta bakarra ere.
«20 urteren ondotik ohartu naiz zer egin didan»
Badu zer kontatua eta badu gertatu zaiona azaleratzeko gogoa, berak jasandakoa ez diolako inori desio. Hori bai, aurpegia eman gabe kontatu nahi du, oraindik beldurra ez baitzaio desagertu: salaketa aurkezteak sortzen dion beldurra, haurrak mintzeko beldurra, bakarrik gelditzeko beldurra... Eta bikotekide ohiak egin diezaiokeenaren beldurra.
Urtetan sufritu eta jasan ditu tratu txar psikikoak. Ez daki, ordea, noiz eta nola hasi ziren, «orain, 20 urte beranduago, ohartu naizelako zer egin didan, kanpotik begiak ireki dizkidatenean». Gogoan ditu elkarrekin hasi zirenean zenbait seinale izan zirela, «alkohola tartean izandako mozkor txar haien ondorioak, adibidez». Anek, ordea, «arrunt maitemindua» izaki, «pasatzen utzi» zituen. Gerora, «zerbait potoloa» gertatu zela aitortu digu: «alkoholaren eraginpean eta jendearen aitzinean bulkada bat eman zidan. Agresibitatea agertu zitzaion, parean zituen gauzak puskatzen hasi baitzen». Baina bere horretan gelditu zen kontua: «bertze herri batetik etorria nintzen, eta nora joan behar nuen? Nola itzuliko nintzen etxera porrot horrekin? A zer lotsa!». «Ezin» zuela «inora» joan sentitu zuen, «eta maite nuen», dio.
Haurra jaio zenean «ttikiari ez zion kasurik egin», eta bere ustez, «hemengo heziketa matxistaren» bertze adibide bat da hori: «emakumezkoa haurrekin eta gizonezkoa lanean...». Urte batzuen buruan bigarren umea etorri zen, eta «hasieran kasu egin bazion ere, eroso jarri zen eta bere bidea hartu zuen. Ni nintzen etxe barrenean eta kanpoan lanean ari nintzena eta haurrekin zegoena. Bere lehentasuna lana zen, edo hori zen orduan nik uste nuena. Denborarekin ohartu naiz igual ez zela beti lanean aritzen...».
«Etxetik kanpo izaten ahal zen jatorrena zen»
«Ez duzu deusetarako balio»
«Etxetik kanpo izaten ahal zen gizonezkorik jatorrena» zen hark min handia egin dio Aneri «etxe barrenean, Kalean uso eta etxean otso erranak dioen bezala». Etxean eta etxetik kanpo lanean aritu, seme-alabez arduratu eta «ez dudala deus egiten» edo «ez dudala deusetarako balio» aditu izan du azkarki aldiz, «lanez aldatutakoan, ez nuela hartarako balio» bota izan dio. Etxean, «seme- alabekin edo bertze edozein arazo» sortutakoan «erruduna beti ni naizela» adierazi izan dio, «igual dio zer».
Gehiago ere bai: «familia elkarrekin egoteko helburu hutsarekin aste hondarrak kanpora antolatzen banituen, ez nintzela behin ere konforme» leporatu izan dio eta «nire izateko manerarekin ere sartu izan da, bertzeak bertze, desatsegina naizela» aurpegiratzeko. «Haurrak parkean egoten zirenean kafea hartzea» ere bazen leporatzeko arrazoi. «Zerbait erosi behar bazen azkena beti ni izaten nintzen eta etxerako zerbait erosi edo Eguberrietan haurrei kapritxoren bat egiten banien, zertarako erosi nuen edo merkeagorik ez ote zegoen» erraten zion. Bertze herri batetik etorria izanda, «bakarrik nengoela eta inor ez nuela ere aunitzetan errepikatu izan dit...».
Banatzerakoan, berriz, «ni baino gehiago irabazten zuela, eta elkarrekin egina genuen etxetik ez zitzaidala deus tokatzen erran zidan». Baita «ni nintzela bizitza izorratzen ari nintzaiona» ere. «Eta ni isilik». Sexuarekin ere «aunitz eta aunitzetan zanpatu» izan duela aitortu digu: «ez zela nahikoa erran izan dit, ez niola behar zuen sexua ematen...».
Anek jasan duena psikikoa izan da eta fisikoaz galdetuta, «ez nau ukitu», erantzun du. Behatza sudur puntara hurbildu izan dit, baina ez nau ukitu». Bere «agresibitatea» «ahoz» eta bertzelako ekintzen bitartez erakutsi omen du: «objektuak hautsiz edo ostikoak emanez...».
«Dibortzioan beldurragatik men egin nion»
Zerrenda luzea du Anek, baina hori guztia «normaltasunaren barrenean» ikusi eta sentitu du 20 urtez, «ez naiz konturatu erabat zanpatu nauela, etengabe pan-pan-pan aritu dela». «Erabat maiteminduta» zegoela dio eta «emozionalki bere menpe» bizi izan dela, «begiak benda batekin tapatuak» izanen balitu bezala, edo berak dioen bezala, «itsututa».
Banaketa «gogorra»
Duela zenbait urte bereizi ziren, eta nola diren kontuak, dibortzioa eskatu zuena senarra izan zen, «bertze emakumezko bat tartean zegoelako». Izugarrizko atsekabea sentitu omen zuen: «nire erruz dibortziatuko ginela leporatu zidan eta nik aldatuko nintzela erran nion. Urte batez hola ibili nintzen, ezin da imajinatu noraino umildu nintzen. Edozer egin izanen nuen berarekin segitzeko, dena jasan bera ez haserretzeko».
Dibortzioa sinatu zuten eguna ere barrenean ongi iltzatua du: «dibortzioa sinatzen ez banuen, eginen nuen azken gauza huraxe izanen zela erranez mehatxatu ninduen. Izugarrizko gorrotoa sumatu nuen bere hitzetan eta ni, berriz, noizbait harreman normala izanen genuelako itxaropenez...».
«Maite nuen eta dena onartu nion»
Bereizi ondorengo dei amaigabeak
Dibortzioaren ondotik, dena «hutsetik» hasi behar izan zuen: «lau sosekin, etxetik alde egin nuen». Dibortzioa «aho batez adostu» zutela aitortu digu, eta «nire beldurragatik» senarrak errandako guztia onartu omen zuen: «igual zitzaidan zortzi edo laurogei sosekin atera handik. Une hartan dena bukatzea nahi nuen, eta berdin zitzaidan nola. Errandako guztiari men egin nion». Orain «urrikitzen» da orduan hartutako erabakiaz, baina beldurrak ez zion gehiagorako eman eta «etxebizitza baterako dirurik gabe atera nintzen». Ia esku hutsik eta gainera, «bakarrik. Bere gurasoak nire ama eta aitatzat nituen, baina orduan ohartu nintzen ezetz. Kuadrillan ere baztertu ninduten...». Herrian «seinalatua» ere sentitu zen: «bereizi ondotik, zenbaitzuek herrian agurra ukatu izan didate. Hasiera hartan, beheiti begira eta gordeka ibiltzen nintzen, ez nekielako berak zer kontatua zuen».
Ez zen hor bukatu Aneren sufrimendua. Nahiz eta gizonezkoa izan zen dibortzioa eskatu zuena eta bertze emakume batekin zebilen, «bere erruz bereizi ginela oroitarazteko noiznahi deitzen zidan, ordu bateko eta biko deiak izaten ziren. Eta lagunek eta familiakoek deia ez hartzeko edo mozteko erraten zidaten arren, ez nintzen hori egiteko gai. Ez dakit menpekotasun emozionalagatik ote zen edo zergatik, baina ezin izaten nuen telefonoa hartu gabe gelditu». Dei horien bitartez, Aneren ustez, «bere burua justifikatu nahi zuen. Orain konturatu naiz horrelako pertsonak emozionalki analfabeto hutsak direla, ez dago eurek bezain hutsik dagoen deus ere ez, baina ez dute itxura hori ematen, eta hemen itxurari begiratzen diogunez eta bera gizartean ongi ikusia denez...».
Begiak zabalik
«Lagunek eta familiak aunitzetan» ohartarazi omen zioten bikotekidearengandik jasotzen zuen tratua «ez zela normala, faltsua zela...». Baina «nik maite nuenez, mindu egiten nintzen halakoak adituta». Azkenean seme-alabetako bati «niri ematen zidan tratua ematen hasi zitzaionean» erran zuen hori onartezina zela. Horixe izan zen «alarma piztu» ziona. «Seme-alabetako batek bolada txarra izan zuen eta eskuetatik ihes egiten ari zitzaidala eta nola kudeatu ez nekiela sentitu nuenean gizarte zerbitzuetara joan nintzen laguntza eske». Baina hori ere beldurrarekin: «laguntza eskatzea erabaki nuen, baina beldurrez egin nuen. Halako egoeretan beldurra da sentimendu nagusia, inork sinetsiko ez dizula edo erotzat hartuko zaituztela pentsatzen duzu».
Baina seme-alaba babesteko nahiak bultzatuta eman zuen pausoa eta hantxe konturatu zen seme-alaba ez zela etxeko biktima bakarra: «'ohartzen zara zu ere zer ari zaren jasaten?' galdetu zidaten gizarte zerbitzuetan». Nafarroako Gobernuko Genero Indarkeriaren Biktimei Arreta Integrala emateko Lantaldearen (EAIV) programan sartzea proposatu zioten eta harriduraz hartu zuen. Areago, «minduta sentitu nintzen». Baina hartutako bideak «bertzeari laguntzeko nik sendatu behar nuela konturatzeko» bide eman zion.
Beldurragatik, salaketarik ez
Salaketa aurkezteko aukera «baztertua» du Anek, «haurrengatik». «Nahiz eta nik aunitz sufritu dudan, haurrei beti erakutsi izan diet aita maitatu behar dutela. Badakite haserretzen denean agresibo jartzen dela baina beti aita mirets zezaten arduratu naiz». Gainera, «orain salaketa aurkeztuko banu, haurrak lur jota utziko nituzke eta nahiago dut saltsetan ez sartu». Ziurtzat jo du hori eginez gero, «herritik joan beharko nukeela» eta «ez dakit egoera horri aitzin egiteko gai izanen nintzatekeen, oraindik ez baitut indarrik».
Ez hori bakarrik: «tratu txar fisikoak, kolpeak, ubeldurak... ikusi egiten dira. Baina psikikoa ez da ikusten. Nola frogatu ez bada ikusten? Gainera dena ukatuko luke eta halako ziurtasunarekin solas egiten duenez, igual niri baino lehenagotik sinetsiko liokete berari».
Salaketaren aukerak «beldurra» ere sortzen dio, batetik, «senar ohia haserretzeak sortzen didan beldurra» eta bertzetik, «haurrak nire kontra jartzeko beldurra»: «ditudan bakarrak seme-alabak dira eta haiek kontatuta dakit etengabe haurrei nire kontra mintzatzen zaiela eta salaketa aurkeztuz gero, deskuidatuz gero, seme-alabak nire kontra jarriko lirateke». Hala ere, bere irudiko, «denborarekin ohartuko dira aita nolakoa den...».
«Haserrarazten badut ez dakit zer eginen didan»
Salaketarik ez aurkezteak, ordea, bertze ateak itxi dizkio: «laguntza psikologikoa ematen didate eta izugarri eskertzen dut, baina etxetik alde egin eta dena bakar-bakarrik hutsetik hasi behar izan dut. Nire diru-sarrerekin, soldata bakarrarekin eta lan finkorik gabe, ezin dut etxebizitza erosi eta gaur egungo alokairuen prezioarekin eta seme-alabez arduratzeko ez da nahikoa. Erraztasun edo laguntza ekonomikoak ongi etorriko litzaizkidake. Baina epailearen agindurik ez dudanez, ez dut laguntza ekonomikorik jasotzeko eskubiderik. Lanean ere kontziliazio kontua zail dago...».
Beldurra parez pare
Urtetan «errudun» sentitu izan da, «senar ohia arduratu da ni horrela sentitzeaz». Gibelera begiratuta «ez dakit zoriontsua izan naizen edo ez. Momentu hartan baietz uste nuen, baina orain ez dakit». Begiak zabaldu ditu baina «oraindik ere bikotekide ohiaren komentarioak irensten segitzen» du: «ez didate lehen adina min ematen baina haurrengandik ongi eraman behar dudala sentitzen dut». Aitortu digunez, «ez dut amorrurik sentitzen eta oraindik ere batzuetan goxo begiratzen diot. Atera kontuak zenbateraino harrapatzen eta bereganatzen zaituzten». Baina argi utzi du ez duela bera buruan bizi nahi: «ederki izorratuko lidake oraindik bere falta sumatzen dudala sentitzeak».
«Beldurra» ere ez du bazterrera utzia eta «ez naiz seguru sentitzen»: «haserrarazten badut beldur naiz, ez baitakit zer egiteko gai den. Ez dut uste ukituko nindukeenik baina badakit min handia egiten ahal didala».
«Ezin dugu bizitza osoan zanpatuak bizi»
Halere, ez du etsi, eta «zenbait egunetan ohatzetik zergatik jaiki behar dudan neure buruari galdetzen badiot ere, poliki- poliki sendatzen» ari dela aitortu digu, Genero Indarkeriaren Biktimei Arreta Integrala emateko Lantaldetik jasotzen duen laguntzari esker. Esker oneko hitzak ditu gizarte zerbitzuentzako ere, «aunitz lagundu» diotelako. Haiei esker hasi da indartzen, berak dioenez, «zauriak sendatzen» eta, bertzeak bertze, «aski da erraten lagundu didate»: «lehen ez bezala, orain, bere telefono-deiak behar denean mozteko gai naiz, edo hasieran, hagitz gogorra egiten zitzaidan herrian edozein momentutan ikus nezakeela pentsatzea, baina orain igual-igual zait. Pixka bat indartzen hasi naizen seinale». Ikasteko bide ere eman dio gertatu zaion guztiak eta argi du «ez dudala inoren menpe bizi behar».
Bake eta lasaitasun bila
Urteak pasatu ondotik konturatu da, senarrak dibortzioa eskatuta «mesede egin zidala». Bertzela, «bertze bikote aunitz bezala» segitu izanen omen lukete, «haurrengatik aitzinera eginez, bikote aunitz inertziaz baitaude». Argi utzi nahi izan du bere kasua ez dela bakarra eta gisa berean, indarkeria ez dela soilik fisikoa nabarmendu nahi izan du: «urruti joan gabe, psikikoa aunitzez ere gehiago dagoela erranen nuke».
Berdintasunetik «urruti» ikusten du gizartea, «lanketa handia» egiteko beharrean, «matxismo handia, eta emakumeak ohartzen ez garen eta normaltzat hartzen ditugun adibide aunitz» ikusten dituelako. Hain zuzen, horiei luzatu nahi izan die mezua Anek, ez dezaten bera bezala sufritu. «Inork ez daki noraino deuseztatzen ahal zaituzten kanpoko batek begiak irekitzen dizkizun arte, orduan konturatzen zara zerbait ez doala bere bidetik. Hasieran, besta egiteko alkohola dela eta, ondotik bizitzak edo geuk aukeratutako egoerak onartu ditugula eta, azkenean, poliki-poliki min handia egiten digute. Eta bitartean, gu eutsi eta eutsi berandu den arte. Konturatu orduko, ez dakizu nora jo, ez ezker ez eskuin, deusetarako balio ez duzula pentsatu eta inork maiteko ez zaituela sentitzen duzu».
Horregatik, bere testigantza leituz, «norbait identifikatua sentitu bada edo inguruan egoera horretan dagoen norbait baldin badu, seinalerik ttikienarekin kontatzeko» gomendatu die. «Ez izan beldurrik, laguntza eskatzeko deitu, joan norabait edo solastatu norbaitekin. Aunitzek ez dute kontatzen ez dutelako salatu nahi, baina salatu gabe ere, laguntza eska daiteke. Laguntzeko prest dauden profesionalak badaude, eta nahiz eta bakarrik daudela pentsatu, ez da horrela. Ezin dugu bizitza osoan zanpatuak bizi». Berak ere «aitzinera egin» nahi du, eta denaren gainetik, «bakea» du amets: «lasai bizi nahi dut. Lanean eta seme-alabekin ongi segitu. Ez dut konplikazio gehiago nahi».