Azaroak 25

Genero indarkeriagatik egindako salaketak ia bikoiztu egin dira eskualdean

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 25a, 10:00

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak urtarriletik irailera bitarteko datuak eman ditu eta horien artean, iraila izan da daturik makurrena: zazpi salaketa aurkeztu dituzte: lau indarkeria psikikoa egotzita, bi urruntze agindua urratzeagatik eta bat indarkeria fisikoa eta psikikoa egotzita.

Urtarrila eta iraila bitartean genero indarkeria kasuengatik 21 salaketa paratu dituzte Baztan, Bertizarana, Bortziriak, Malerreka, Leitzaldea, Urumealdea eta Xaretako emakumeek polizia etxeetan. Joan den urtean garai berean, hau da, urtarriletik irailera, 11 salaketa aurkeztu zituzten eta horrek erran nahi du ia bikoztu dela salaketa kopurua. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren arabera, 2011tik 2020ko irailera bitarte eskualdean 140 salaketa aurkeztu dituzte.

Aurtengo datuei begira

  • Urtarrilean salaketa bat aurkeztu zuten Donezteben. Bikotekidearengandik indarkeria fisikoa eta psikikoa jaso zuen 35-40 urteko emakumezko batek aurkeztu zuen salaketa.
  • Otsailean bertze salaketa bat aurkeztu zuten Baztanen. Familiako kide baten aldetik indarkeria fisikoa eta psikikoa jaso izana salatu zuen 55-60 urteko emakumezko batek.
  • Martxoan bertze bat aurkeztu zuten Leitzan. Kasu honetan bikotekide ohiak urruntze agindua urratu zuelako 61-65 urteko emakumezko batek salaketa aurkeztu zuen.
  • Apirilean, konfinamendu betean, hiru salaketa aurkeztu zituzten: Baztanen, Lesakan eta Beran. Baztanen 15 urtetik beheitiko neska gazte batek sexu erasoak jaso izana salatu zuen; Lesakan 61-65 urteko emakumezko batek bikotekidearengandik eraso fisikoak eta psikikoak jaso izana salatu zuen eta Beran 25-30 urteko emakumezko batek bikotekide ohiak urruntze agindua urratu zuela adierazi zuen.
  • Maiatzean salaketa bat aurkeztu zuten Lesakan: 40-45 urteko emakumezko batek bikotekidearen aldetik indarkeria psikikoa jaso izana salatu zuen.
  • Ekainean lau salaketa aurkeztu zituzten: Donezteben bat eta hiru Baztanen. Donezteben 35-40 urteko emakumezko batek bikotekide ohiarengandik indarkeria fisikoa eta psikikoa jasan zuela salatu zuen eta Baztanen, batetik, 45-50 urteko emakumezko batek  bikotekidearengandik tratu txar psikikoak jaso zituela adierazi zuen; adin bereko bertze emakumezko batek bikotekide ohiak urruntze agindua urratu zuelako salatu zuen eta eta azkenik, 15-20 urteko emakumezko batek bikotekide ohiarengandik tratu txar psikikoak jaso zituela adierazi zuen.
  • Uztailean hiru salaketa aurkeztu zituzten: Etxalarren, Donezteben eta Baztanen bana. Etxalarko salaketa 45-50 urteko emakumezko batek aurkeztu zuen, bikotekide ohiak indarkeria psikikoa egin ziolako. Donezteben 45-50 urteko emakumezko batek bikotekidearen aldetik tratu txar psikikoa jaso izana adierazi zuen eta Baztanen 20-25 urteko gazte batek sexu erasoa salatu zuen.
  • Abuztuan ez zen salaketarik aurkeztu eta irailean zazpi aurkeztu zituzten: Etxalarren, Bertizaranan eta Donezteben bana, eta Baztanen eta Beran bina: Etxalarren 20-25 urteko emakumezko batek bikotekidearen aldetik eraso psikikoak jaso izana adierazi zuen; Bertizaranan 35-40 urteko emakumezko batek indarkeria psikikoa eta fisikoa jaso izana salatu zuen; eta Donezteben 45-50 urteko emakumezko batek bikotekide ohiak urruntze agindua urratu zuela salatu zuen. Baztanen, 50-55 eta 60-65 urteko bi emakumezkok tratu txar psikikoa jaso izana salatu zuten; Beran, batetik sei urteko haur baten salaketa aurkeztu zuten familiako kide batek urruntze agindua urratu zuelako, eta bertzetik, 40-45 urteko emakumezko batek bikotekide ohiaren aldetik indarkeria psikikoa jaso izana salatu zuen.

2011tik genero indarkeriaren salaketak eskualdean

UDALERRIA 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020* GUZTIRA
Baztan  10 1 1 5 4 5 8 6 8 8* 56
Leitza 2 2 1 2 5 1 2 2 4 1* 22
Lesaka 1 5 0 0 2 3 0 1 2 2* 16
Bera 0 1 2 1 1 2 1 0 2 3* 13
Doneztebe 0 3 0 0 1 0 1 0 3 4* 12
Bertizarana 0 1 2 1 0 1 0 1 0 1* 7
Urdazubi 2 0 0 0 1 1 1 1 0 0* 6
Goizueta 0 0 0 0 0 1 1 1 0 0* 3
Etxalar 0 0 0 0 0 0 0 0 1 2* 3
Arano 0 0 1 0 0 1 0 0 0 0* 2
GUZTIRA 15 13 7 9 14 15 14 12 20 21 140

* 2020ko irailera bitarteko datuak

 

Zenbait datu

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak TTIPI-TTAPAri emandako datuen arabera, 2011tik 2020ko irailera bitarte genero indarkeria lotuta 140 salaketa aurkeztu dituzte eskualdean. Datu horietatik hainbat ondorio atera daitezke.

• Bereziki eraso fisikoak eta psikikoak
Nafarroako Berdintasunerako Institutuak utzitako datuetan ageri denez, aurkeztu diren salaketa gehienetan biktimek eraso fisikoak eta psikikoak jasan dituzte. Kasuen %49,7 dira. Psikikoak jasan dituztenak %22 dira; urruntze agindua urratzeagatik aurkeztu dituzten salaketak %14,8 dira eta sexu erasoa jasan dutenak %10,6. Gainerakoak zehaztu gabeko erasoak dira. 

• Biktima gazteak
Salaketa aurkeztu dutenen 30 urtez beheitikoak %42,6 dira. Adin-tarteei erreparatuz, biktima gehienek 21 eta 30 urte bitartean dituzte, salaketa aurkeztu dutenen %30,5. Horren ondotik 31-40 urtekoak daude (%26,2); 41-50 urteen artean %22,7 dira; 20 urtez azpikoak %12,1; 61 urtetik goitikoak %5,7 eta 51-60 urtekoak %2,8.

• Erasotzaile gehienak 30 urtetik goitikoak
Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako datuen arabera, eskualdean izan diren salaketa kasu gehienetan, erasotzaileak 31 eta 40 urte bitartekoak izan dira (%36,2); 41-50 urtekoak %19,1 dira; 21-30 urtekoak %17,7; 51-60 urtekoak %12,8; 20 urtez azpikoak %7,8 eta 61 urtetik goitikoak %2,8. Gainerakoetan, erasotzailearen adina ez dago zehaztua.

• Erasotzaileen ia erdia bikotekidea
Aurkeztutako salaketetan biktimen %48,2k adierazi du erasoak bikotekidearengandik jaso dituela. Kasuen %32,6 bikotekide-ohiek egindako erasoei dagokie. Biktimak eta erasotzaileen artean harremanik ez den kasuetan salaketa aurkeztu dutenak %9,2 dira eta familiakoengandik erasoa jasan dutela %6,4k salatu dute. Gainerakoak bertzelako harremanei lotutakoak dira, horietako bat etxe berean bizi denarengandik jasotako erasoa da. 

• Sexu erasoak bereziki gaztetxoei
2011z geroztik 15 sexu eraso salatu dituzte eskualdean eta horietatik zortzi 20 urtez beheitikoek egindako salaketak dira: bi 16 urtekoak eta bertze bi 14 urtekoak, bana 4, 7, 12 eta 17 urtekoek egindakoak. 28 urteko hiru biktimek salatu dute sexu erasoa eskualdean, eta 21, 22, 34 eta 39 urtekoek bana. 

• Seme-alabak dituzten bikoteen artean erasoak
Seme-alabak dituzten 31 familiatan salatu dute erasoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun