Bihar, azaroaren 20an, hasiko da Euskaraldiaren bigarren edizioa. Hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera bultzatzea helburu duen ariketa soziala Euskal Herri osoan aldi berean eginen da bigarren edizioan ere. Duela bi urteko ariketan egin zen bezala, aurten ere ahobizi eta belarriprest rolak betetzeko izena eman duten herritarrak izanen dira ekimenaren protagonistak hurrengo asteetan. Bigarren Euskaraldi honetan gainera, milaka entitatek sortu dituzten ariguneak ere izanen dira, euskaraz lasai aritzeko guneak.
Euskaraldia baldintza berezitan eginen da aurten, gizarte osoa kolpatzen ari den COVID-19aren eragina Euskaraldian ere nabarituko baita. Gizarte harremanak mugatuta dauden honetan Euskaraldiaren prestaketa eta hedapenean zein ariketan bertan kale presentziaren eta harreman sozialen apaltzeak ariketa baldintzatu du. Era berean, arigune guztiek beraien jarduera normaltasunez ezin garatu izanak eragina izanen du. Hala ere, antolatzaileek azpimarratu duten modura, hurbileko harreman sareetan hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa egiteko aukerak badaude eta Euskaraldiak batez ere horietan zentratzea ekarriko du. Gainera ingurune digitalean ditugun harremanetako hizkuntza hautuetan ere eragiteko baliatuko da aurtengo ariketa soziala.
Behin-behineko izen-emate datuak
Irailaren 24an Euskaraldian izena emateko epea zabaldu zenetik milaka izan dira aurtengo ariketa sozialean parte hartzeko erabakia hartu duten herritarrak. Azken aste eta egunetan nabarmen hazi da ariketan parte hartuko duten ahobizi eta belarriprest kopurua eta izen-emate epea azaroaren 24rarte luzatzea erabaki dute antolatzaileek (euskaraldia.eus).
Izen-emate epea itxi gabe dagoen arren, behin-behineko datuak zabaldu dira gaur. Guztira 147.000 lagunek eman dute izena Euskaraldiaren hasieraren atarian, horietatik %79 ahobizi eta %21 belarriprest. Lurraldez lurralde, izena eman duten herritarren %9 Arabakoa da, %33 Bizkaikoa, %44 Gipuzkoakoa, %12 Nafarroakoa eta %2 Ipar Euskal Herrikoa. Aurten, gainera, aipagarria da Euskal Herritik kanpo bizi diren ehunka lagunek ere eman dutela izena Euskaraldian parte hartzeko.
Hasiera ekitaldia gaur Antsoainen
Gaur, azaroaren 19an, arratsaldeko zazpietatik (19.00etatik) aitzinera eginen den ekitaldi batek emanen dio hasiera Euskaraldiaren aurtengo edizioari, Juan Kruz Lakasta eta Lohizune Amatriak gidatutako ekitaldiarekin.
Euskaraldiaren koordinazio taldean Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Hirigune Elkargoa aritu dira, bertze urte batez. Eta horiekin batera, hainbat elkarte, enpresa eta erakunderen partaidetza ere funtsezkoa izan da Euskaraldia antolatu ahal izateko.