COVID-19: Azken datuak

Hamabi positibo gehiago azken orduetan; zazpi Bortzirietan, lau Elizondoko osasun eremuan eta bertze bat Doneztebekoan

Ttipi-Ttapa 2020ko azaroaren 18a

Atzo, azaroak 17, behin betiko datuen arabera Nafarroan 158 positibo atzeman zituzten.

Azken datuen arabera bertze hamabi pertsona gehiago kutsatu dira gure lurraldean. Horietatik zazpi Bortzirietan (Bera +2, Lesaka +2, Igantzi +2 eta Etxalar +1), lau Elizondoko osasun eremuan (Elizondo +3 eta Arizkun +1) eta bat Doneztebeko eremuan (Doneztebeko +1). Leitzako osasun eremuan, aldiz, ez dute kasu berririk atzeman azken orduetan.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, 300 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 449 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 212 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 292 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, azaroak 17, 2.815 proba egin zituzten (1.971 PCR eta 844 antigenoen testa) eta horietatik 158k positibo eman zuten (%5,6)

Covid-19ak jota, atzo, azaroak 17, 22 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, horietatik 1 ZIUn, eta 7 hildakoren berri eman zuten. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 316 daude ospitalean, horietatik 58 ZIUn.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Iruñerrian daude positiboen %54, Tuteran %14 eta Lizarran %14. Gainerako positiboak (%18) Nafarroako bertze eskualde batzuen artean daude banatuak.
 

Adin-tartekako kasuen banaketari dagokionez, talde nagusia 45 eta 59 urte bitartekoa da (%23); ondotik, 15 eta 29 urte bitartekoa (%18). Segidan, 15 urtetik beheitikoak eta 30 urtetik 44 urtera bitartekoak daude (%17, hurrenez hurren); 75 urtetik goitikoak (%15); eta, azkenik, 60 eta 75 urte bitartekoak (%10). Kasu berrien batez bertzeko adina 43,2 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 54 emakumeak dira eta % 46 gizonak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 38.022 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 812koa da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun